Loiuko Putxera Txapelketa Larrondon egingo da aurten

Aikor aldizkaria 2023ko urt. 3a, 10:50

Pandemiaren eraginez, Loiuko Putxera Txapelketa 2020an egin zen azken aldiz. Hala ere, Josu Andoni Begoña alkateak bere webgunearen bidez jakinarazi moduan, txapelketa berriro egingo da aurten: urtarrilaren 28an, hain zuzen. Nobedadea ere ekarriko du, izan ere, aurreko edizioak Zabaloetxeko frontoian izan dira, baina frontoi horretan lanak egiten dabiltza eta, horregatik, ekintza Larrondoko frontoira eramango da.  

Begoñaren esanetan, Euskal Herriko Putxera Txapelketa da eta bertan 500 pertsona baino gehiago batu ohi dira. Gainera, azken ediziora 140 putxera aurkeztu ziren. “Jai-giroan egiten den hitzordu gastronomikoa da eta Loiuko eta Txorierriko lagunak ez ezik Euskal Herriko beste herri batzuetako lagunak ere erakartzen ditu. Baita kanpoko lagunak ere; adibidez, Burgosekoak eta Kantabriakoak”. Aipatu duenez, ekintzak bisitariak erakartzen ditu eta horrek eragin zuzena du bai herriko merkataritzan eta ostalaritzan, bai herriko bizitza sozialean. “Helburua da Loiu herri bizia eta aktiboa izatea, eta berton bizi izateko harro egon gaitezen”.

Guztira 3.800 euro banatuko dira saritan, eta garaikurrak, saskiak, txakolina eta ardoa ere banatuko dira. Bestalde, sailkapen orokorraz gainera, saria jasoko dute herriko parte-hartzaileek eta herrialde bakoitzeko putxerarik onenak. Izena ematea Larrondoko Zentro Zibikoan egin beharko da urtarrilaren 28an bertan, 09:00etatik 11:00etara, eta parte-hartzaile bakoitzak nahi beste putxera aurkeztu ahalko du; nolanahi ere, putxera bakoitzeko izen-emate bat egin beharko da. Osagaiei dagokienez, erabili beharko da indaba zuria, beltza edo pikarta, eta aukeran izango dira gainerako osagaiak, esaterako, txorizoa, mortzila, urdaia, azenario, saiheskia edo behi-hegala.

Eguna biribiltzeko, 16:30ean kontzertuak egongo dira eta 21:00etatik aurrera elektrotxaranga batek girotuko ditu Larrondoko txokoak. Azkenik, beste berrikuntza bat egongo da: gizarte-sareetara igotzen den txapelketako argazkirik onenak 100 euro jasoko ditu saritzat. Argazkiak #putxerasloiu hashtagak lagunduta igo behar dira gizarte-sareetara, eta antolatzaileek kontuan hartuko dituzte kalitatea, sormena, like-ak eta aipamenak. Argazkiak txapelketaren eguneko 23:59ak arte igo ahalko dira Facebookera, Instagramera eta Twitterrera.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).