Loiuk ekitaldi-sorta zabala antolatu du Emakumeen Eguna ospatzeko

Aikor aldizkaria 2023ko ots. 14a, 10:02

Loiuko Udalak ezagutzera eman ditu Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta udalerrian martxoan izango diren ekitaldiak. Guztira sei ekintza antolatu dituzte: berdintasunaren aldeko mendi-martxa, elkarretaratzea, herriko lau ikastetxetako ikasleen aldarrikapena irakurtzea eta elkarretaratzea, hitzaldia, bazkaria eta argazki-erakusketa.

Josu Andoni Begoña Loiuko alkatearen esanetan, “Martxoak 8 momentu egokia da lortutako aurrerapenak hausnartzeko, aldaketa gehiago eskatzeko eta Historian giltzarriak izan diren emakumeen ausardia ospatzeko”. Era berean, gogora ekarri ditu “modu xumeagoan, familia- edota lan-egitasmoen bidez, Loiu han-hemenka zabaldu duten eta zabaltzen duten emakumeak. Euren adina dena dela ere, Loiuko emakume guztiei esker ona adieraztea baino modu hoberik ez dago Emakumeen Eguna ospatzeko”. Bestalde, azpimarratu du berdintasun-politiken aldeko konpromiso sendoa dutela eta politika horiek udal-esparru guztietan ezarriz dabiltzala. Esaterako, “emakumeak ahalduntzeko kanpainak eta ekintzak, esparru pribatuan zein kolektiboan euren gaitasunak, estrategiak eta protagonismoa indartu ditzaten. Horrela, bizitza autonomoagoa izan ahalko dute, eta bizitza pertsonalaren eta sozialaren eremu guztietan erabakiak berdintasunez hartu”.  

Emakumeen Egunaren harira antolatutako lehen ekintza da berdintasunaren aldeko mendi-martxa. Martxoaren 5ean izango da eta izen-ematea egunean bertan egingo da Herriko plazan, bi euroren truke. Adin guztietako pertsonentzako ibilbidea atonduko da, sei kilometro ingurukoa, eta kamiseta moreak banatuko dira parte-hartzaileen artean; hamaiketakoa ere egongo da indarrak berritzeko. Ohikoa denez, Martxoaren 8an, 12:00etan, Herriko plazan batuko dira eta adierazpen instituzionala irakurriko dute; hilaren 10ean, bestalde, udalerriko lau ikastetxeko ikasleek berdintasunaren aldeko martxa egingo dute Loiuko errepideetatik, eta 11:00etan Herriko plazan batuko dira euren adierazpenak eta errebindikazioak irakurtzeko. Martxoaren 10ean ere, 19:00etan, “Berdintasuna, funtsezko balioa Europar Batasunean” hitzaldia izango da liburutegian.

Martxoaren 11rako, bazkaria antolatu da Aspaldiko jatetxean. Bazkariaren inguruko ekintzak 14:50ean hasiko dira: adierazpena, bideoak banatzea, omenaldia, opariak banatzea eta musika-saioak, batzuk aipatzearren. Gainera, Luis Gómez herriko eskultorearen lanak ikusgai ipiniko dira jatetxean, emakume loiuztarren omenez. Bazkariak 25 euro balioko du. Azkenik, martxoan zehar berdintasunaren aldeko argazki-lehiaketa egingo da. Lanak hilaren 15etik 30era aurkeztu beharko dira udaletxean edo e-mailez. Guztira 450 euro banatuko dira saritan: 200 euro, irabazlearentzat; 150 euro, bigarrenarentzat; eta 100 euro, hirugarrenarentzat.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).