Txori Bikers taldeak 120 motorzale batu zituen Loiun

Aikor aldizkaria 2023ko mai. 3a, 14:29

Zapatuan, apirilak 29, Txori Bikers taldeak motoen kontzentrazioa antolatu zuen Loiun hamargarren aldiz. Goizean, 120 motorzale batu ziren Mungialdetik, Txorierritik eta Uribe Kostatik 60 kilometroko ibilbidea egiteko. Arratsaldean hainbat ekintza egin ziren herrian. Antolatzaileen esanetan, “jai eguna” izan zen.

“Iaz, 200 motorzale baino gehiago hurbildu ziren Loiura. Eromena izan zen; aurten, aldiz, jende gutxiago etorri da, baina pozik gaude, batez ere hauek kontuan hartuta: asteburu luzea izan zela, astelehenean ere jai eguna izan zelako; eta eguraldi txarra iragarrita zegoela. Jendeak uste du elkarretaratzea dirua irabazteagatik antolatzen dugula. Bai zera!, askotan dirua galdu baino ez dugu egiten. Guk lagunekin biltzeagatik eta Loiun, gutxienez Zabaloetxe auzoan, jai eguna antolatzeagatik egiten dugu. Eta bide batez, herriko dendei eta tabernei onura ekartzen badiegu, gu poz-pozik”, azaldu du Gerardo Izquierdo antolatzaileetako batek.

Hitzordua gero eta finkatuago dago motorzaleen egutegian. “Bizkaian elkarretaratze garrantzitsu bi daude, Bermeon eta Sodupen, baina hiru egunekoak dira. Gurea egun bakarrekoa da eta horien artean lurraldeko topagunerik garrantzitsuenetarikoa da. Motorzaleek ahoz aho zabaltzen dute Loiun primeran pasatzen dutela eta horretan datza gure arrakasta”.

Motorzaleak goizean elkartu ziren Loiun, udaletxearen aurrean. Handik errepidera joan ziren eta bueltan, urtero legez, Loiuko sagardotegira joan ziren hamaiketakoa hartzera. Bitartean, Batzokiaren aurrean, auto amerikarren erakusketa egin zen, auto amerikarren Euskadiko elkartearen eskutik: besteak beste, Mustang eta Cadillac markako autoak egon ziren ikusgai. “Oso ikusgarriak dira eta jendea ekartzen dute herrira”, berretsi du Izquierdok.

Bazkaltzeko, berriro batu ziren Loiuko herrigunean eta paella erraldoia jan zuten. “Zaila da hainbeste lagunentzako egitea, baina goxo gelditu zen (kar-kar)”. Bazkaldu ostean hainbat ekintza egin ziren: 17:00etan, moto-jolasak eta drift erakustaldia, hau da, autoak derrapatzea, “ikuskizun ederra”, antolatzaileen hitzetan. Beranduago, Txori Bikers taldeak hainbat opari zozkatu zituen. “Eskerrak eman nahi dizkiegu babesleei: jatetxeek ardo-botilak eman dizkigute, eta motorren dendek, kaskoak eta kamisetak”. Jaia biribiltzeko, Lee Junior eta Five Direction taldeek kontzertua egin zuten.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).