Loiuko igerilekuak sagardotegi ondoan eraikiko dira

Aikor aldizkaria 2023ko mai. 17a, 15:17

Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak bere webgunean iragarri duenez, Garraioetako Ministerioaren eta Aire Segurtasunerako Estatu Agentziaren oniritzia jaso ondoren, laster hasiko dira udal-igerilekuak eraikitzeko lanak. Igerilekuak sagardotegi ondoan egingo dira. Begoñaren hitzetan, hori da lekurik aproposena, beste batzuen artean, kostuetan aurreztuko delako.

Azaldu moduan, sagardotegiaren ondoko lursaila udalarena da eta, beraz, ez da erosi behar. Gainera, sagardotegia egonda ez da beharrezkoa taberna eta jatetxe berririk egitea. Era berean, autoak aparkatzeko lekua dago inguruan, eta aldagelak azoka zaharreko azpiegituretan eraikiko lirateke. Horiek guztiek kostuetan aurreztea ekarriko lukete, Begoñaren esanetan. Bestalde, aipatu du Loiuko hirigintza-araudiek baimentzen dutela leku horretan kirol-azpiegiturak atontzea, eta ondo komunikatutako lekua dela, ondoan autobus-geltokia dago eta. Etxebizitzetatik urrun, baina erdigunetik gertu, egotea ere azpimarratu du, eta bertan hariztia izatea.

Aire zabaleko igerilekuak izango dira eta 4.000 metro karratu izango dituzte. Besteak beste, harrera-gunea eta eraikin nagusia edukiko dituzte, jolasgunea eta nagusientzako eta umeentzako igerilekua. “Ahal den neurrian, material naturalak erabiliko dira eraikitze-lanetan, eta nagusi izango dira zura eta gainazal gardenak eta zeharrargiak. Zoladura mistoak, konpaktuak, pasabideak eta berdeguneak uztartuko dira, lurraren iragazkortasuna lehenetsita”.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).