Debekatu da Loiuko ur-jolasen inguruko landetan urtebetetzeak-eta ospatzea

Aikor aldizkaria 2023ko uzt. 11a, 10:23

Atzo, uztailak 10, zabaldu zen Loiuko splashpark-a. Ur-jolasen azpiegitura nobedadeekin zabaldu da aurten; izan ere, Josu Andoni Begoña alkateak bere webgunean azaldu duenez, ordenantza berria onartu dute inguruaren erabilera eta babesa zaintzeko. Ordenantza horren bidez debekatu da ur-jolasen eta umeentzako gazteluaren inguruko landetan, besteak beste, urtebetetzeak, askari handiak eta piknikak egitea.

Begoñaren hitzetan, Loiuko erdiguneko landak urtebetetzeak eta festak egiteko gune bihurtu dira azken hilabeteetan, eta “horretarako, txiki txokoa ipini da martxan”. Hori dela eta, “eta auzokideen eskariak kontuan hartuta”, ordenantza berria aho batez onartu zuten duela aste-pare bat. Ordenantzak arautzen ditu berdeguneen eta hiri-altzarien erabilera eta babesa.

Ordenantzan hainbat debeku zehaztu dira eta haien artean hauek daude: musika oso altu ipintzea, barbakoa eramangarriak erabiltzea, kanpatzea, animaliei eta landaretzari kalte egitea, gainerako herritarrei gunea erabiltzea oztopatzen dieten jarduerak egitea eta hiri-altzarietara igotzea. Nolanahi ere, udalak kartelak ipiniko ditu zer egin daitekeen eta zer ez azaltzeko. Arau-hausteak joko dira arintzat, larritzat eta oso larritzat, eta isunak 750 eurotik 3.000 eurora bitartekoak izango dira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).