Greba mugagabea hasi dute Loiuko lorezaintza-zerbitzuko langileek

Aikor aldizkaria 2023ko aza. 20a, 12:01

LAB sindikatuak prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duenez, Loiuko lorezaintza-zerbitzuko langileek greba mugagabea hasiko dute gaur, azaroak 20, lan-baldintza hobeak eta KPIren araberako soldata-igoera jasotzen dituen enpresa-itun berria eskatzeko.

LAB sindikatuak azaldu duten moduan, Elai Serbitzuak SL azpikontratako langileak gehiegizko lan-karga jasaten dabiltza, eta 2020ko amaieratik ez dira berritu euren lan- eta soldata-baldintzak. “Pertsona horietako batzuek mutualitateak berak aitortutako laneko gaixotasunak ere pairatzen dituzte, gehiegizko esfortzuen ondorioz. Horregatik guztiagatik, dagoeneko iraungita dagoen enpresa-ituna berritzeko eskatzen dute. Hala, KPIren araberako igoera bermatu eta lan-baldintzak hobetu beharko lirateke”, adierazi du sindikatuak prentsa-oharrean. 

LABen hitzetan, “irailaren amaieran itun hori negoziatzeko eskatu ondoren, enpresak proposatu du % 2,5eko igoera soilik 2024an eta 2025ean. Igoera hori ez da nahikoa, plantillaren ekonomiarako galera handiegia baita; beraz, greba mugagabera joko dute”.

Bestalde, sindikatuak esan du langileen oporrak ez direla betetzen, “eta horrek lan-karga handiagoa ekartzen die mantentze-lanak egiten jarraitu behar dutenei. Ez dago lana duintasunez egin ahal izateko behar beste langile, eta, aldi berean, beharginek presioa jasaten dute lana gutxieneko baldintza onargarrietan egiteko. Gainera, azpimarratzekoa da baldintza teknikoen agiria jasotzen duela oporrak lehenengo egunetik % 100ean bete behar direla. Gaixotasun-bajak ere ez dira betetzen, eta bi hilabeteko bajez ari gara. Kasu horretan ere lehiaketak baja horiek betetzeko betebeharra jasotzen du”.

Era berean, adierazi dute langileek auzo-bideak eskuz garbitzen dituztela. “Baina lehiaketan jasota dagoenez, sastrakak beso artikulatudun traktore bat erabilita kendu behar direla, nahiz eta zutoinak, ertzak eta abarrekoak eskuz errematatu behar diren. Traktore hori baldintzetan jasotako makineriaren parte da, baina gaur gaurkoz langileen eskura ez dago halakorik”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).