Beste Bira klubak azaldu duenez, adin guztietako lasterkarientzako probak izango dira, eta lasterketetan korrikalari federatuek zein herri-korrikalariek hartu ahalko dute parte. Izena emateak bost euro balio ditu herri-lasterketan, eta doakoa da beheko kategorietan.
Eskola-kategoriei dagokienez, benjamin/aurrebenjamin F kategoriako lasterketa 18:00etan hasiko da, eta parte-hartzaileek 350 metro (buelta bat) egin beharko dituzte; benjamin/aurrebenjamin M kategoriako lasterkariek ere 350 metro egin beharko dituzte eta euren proba 18:05ean hasiko da. Kimu F eta kimu M kategorietakoek 18:10ean edukiko dute lasterketa eta 700 metro (bi buelta) egin beharko dituzte. Haur F eta Haur M kategorietako lasterketa, bestalde, 1.050 metrokoa izango da, eta 18:20an hasiko da. Txikiek, azkenik, 100 metroko lasterketa egingo dute 18:55etik aurrera. Azken kategoria horretan izan ezik, gainerako guztietan trofeoa jasoko dute lehenengo hiru mutilek eta lehenengo hiru neskek.
Herri-lasterketa
Herri-lasterketa 19:00etan hasiko da eta hurrengo kategoria hauek egongo dira: 16 urtez azpikoa, 18 urtez azpikoa, 20 urtez azpikoa, beteranoak (>40 urte) eta absolutua. Lau kilometroko lasterketa izango da eta korrikalariak Loiuko herrigunetik aterako dira, Zamarripa auzotik pasatu, eta herrigunera itzuliko dira.
Kategoria guztietan saria jasoko dute lehenengo hiru emakumeek eta lehenengo hiru gizonek. Kategoria absolutuko irabazleek 150 euro eta trofeoa jasoko dituzte saritzat; 100 euro eta trofeoa, bigarrenek; eta 50 euro eta trofeoa, hirugarrenek. Beteranoen kategoriako sariak hauek izango dira: 50 euro eta trofeoa, irabazleentzat; 30 euro eta trofeoa, bigarrenentzat; eta 20 euro eta trofeoa, hirugarrenentzat. Gainerako kategorietako irabazleek trofeo bana jasoko dute. Trofeoak Amaia Piedra nazioarteko atletak Beste Bira klubari emandakoak dira.