Azaldutakoaren arabera, aurrekontuei esker inbertsioak egin ahalko dira udalerriko auzoetan. Inbertsio horien artean aipatzekoak dira Zabaloetxeko errotondak, Lauroetako haurreskolaren inguruan egin beharreko urbanizatze-lanak, Zabaloetxeko eta Larrondoko gimnasioak, Ariztondo-Txiline sektorea berriro partzelatzea babes ofizialeko etxebizitzei begira, Larrondoko Gaztelekua, III. Enplegu Plana eta kultura eta kirola dinamizatzeko plana.
“Helburua Loiu erakargarri, moderno eta jasangarri baten alde lan egiten jarraitzea da”, idatzi du Begoñak. “Hala ere, euste-aurrekontuak ere badira, nazioarteko egoera eta datu makroekonomikoei lotutako ziurgabetasuna direla eta. Hortaz, lehenengo eta behin pertsonen alde egiten dugu, herritarren oinarrizko beharrizanak betetzeko. Izan ere, gizarte-laguntzetarako diru-partida handituko dugu Mankomunitatearen eta enplegu-planen bidez, herritarrek eskatzen dituzten proiektu estrategikoak ahaztu barik”. Bestalde, iragarri du elkarte guztientzako dirulaguntzak % 50 igoko direla, eta euskararako, emakumeenganako eta berdintasunerako diru-partida ere handituko dela.
Begoñaren hitzetan, EAJk aurrekontuen aldeko botoa eman du, EH Bildu abstenitu da eta PPk aurrekontuen kontra bozkatu du.