Igor García Zarraga, Espainiako txapelduna M50 kategorian

a eta b: Beste Bira 2024ko ots. 5a, 13:05

Atzo, otsailak 4, Espainiako Cross Master txapelketa izan zen Hornachuelos herrian, Kordoban, eta Beste Bira Loiu Txorierri klubeko atletak hara joan ziren. Txapelketatik oso aho-zapore onarekin irten ziren, Igor García Zarraga Espainiako txapelduna izan zelako M50 kategorian. Garcíak 5.500 metro egin zituen eta 17:10 marka lortu zuen: bigarrenari 22 segundoko aldea atera zion; eta hirugarrenari, 23 segundoko aldea.

Oso lorpen handia da atletarentzat zein klubarentzat. Garcíak azaldu duenez, lehenengo bost artean gelditzea espero zuen, eta txapelketa lurreko pista gogor batean egin zen arren, ondo moldatu zen. Gainera, fisikoki ondo sentitzen zen eta bere onena eman zuen. García atleta beteranoa da eta ospe handia du Bizkaiko atleten artean; klubaren hitzetan, “lorpen guztiak merezi ditu”. Bestalde, taldeka Beste Bira Loiu Txorierri zortzigarrena gelditu zen (Igor García Zarraga, Eduardo Manzanos, Igor Barcia eta Iñigo Artaraz). Era berean, hiru korrikalarik parte hartu zuten M45 kategorian (Javier Allende, Jonmi Trebolazabala eta Iñaki Bengoa). Klubak eskerrak eman nahi dizkio atleten gurasoei. “Izan ere, aurreko asteburuan Zamudioko Krosa izan zen eta tortilak-eta egin zituzten, txosnan salgai ipintzeko eta Kordobako bidaiaren gastuak ordaintzen laguntzeko”.   

Beste aldetik, asteburu biribila izan da klubarentzat, Euskadiko Pista Estaliaren Txapelketan, Master kategorian, ere lau medaila lortu baitituzte: Egoitz Piñeiro, M45 kategorian, lehena izan zen 400 metroko lasterketan eta hirugarrena 60 metroko lasterketan; Javier Aguirre, M50 kategorian, bigarrena izan zen 200 metroko lasterketan; eta Angel Mardones, M60 kategorian, lehena izan zen altuera-proba, eta hirugarrena, altuera-proba orokorrean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).