2023-2027ko Agintaldi Plana aurkeztu du Loiuk

a: josuandoni.eus 2024ko ots. 28a, 14:58

Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak bere webgunean jakinarazi duenez, 2023-2027ko Agintaldi Plana aurkeztu du. Dokumentuan 12 jardute-eremu eta lehentasunezko 92 proiektu jaso dira, eta 400 neurri. “Agintaldi Planak berresten du gobernu-taldeak gardentasunarekin, parte hartzearekin eta kontuak ematearekin duen konpromisoa”, idatzi du.

Bere hitzetan, gobernu-taldeak “Loiu berri bat” gauzatuko du. Horrela, gazteentzako babes ofizialeko etxebizitzak eraikiko dira Ariztondo-Txiline sektorean, higikortasun-zerbitzu gehiago sustatuko dira, eta Landatxueta KT erosiko dute, han kirol-, kultura-, aisialdi-, familia- eta gazte-azpiegitura berriak atontzeko. Era berean, haurreskola zabalduko da Lauroetan eta udal-igerilekuak egingo dira. Horrezaz gainera, herriko elkarte bakoitzak jasotzen duen dirulaguntzak % 50eko igoera izango du, eta Zabaloetzen bi errotonda eraikiko dira. Belar artifizialezko futbol-zelaia ipiniko da Larrondon, eta saneamendua hobetuko da Elorritxun, Lauroetan eta Aiartzan.

Beste aldetik, Larrondoko eta Zabaloetxeko gimnasioak inauguratuko dira, eta amaituko dute udalerriko auzo guztietan LED argiak ipintzen. Halaber, martxan ipiniko dute Gizartea, Kultura eta Kirola Dinamizatzeko IV. Plana. Bere hitzetan, planean jasotako jardute guztiek bat egiten dute Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuekin. “92 proiektuen helburua da Loiu modernoago eta kohesionatuagoa eraikitzen jarraitzea da, pertsona guztiei bizitza-kalitate handia eskaintzen diena eta auzo guztietara ailegatzen diren udal-zerbitzuak dituena”.

Azaldu duenaren arabera, Agintaldi Plana oinarritu da erakundeen, elkarteen, enpresen, ikastetxeen eta herritarren arteko topaketetan jasotako hainbat proposamenetan. Loiuztarrek plana jasoko dute etxean.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).