Beste Birak urre bat eta bi zilar lortu ditu Espainiako Txapelketan

a eta b: Beste Bira 2024ko mar. 4a, 13:55

Asteburuan, Espainiako Txapelketa izan zen Anoetan, Donostian, master kategorian eta pista estalian. Beste Bira Txorierri klubeko hiru atletek banakako probetan parte hartu zuten, eta errelebo-taldea ere ibili zen norgehiagoka. Txorierriko atletismo-klubeko atletek oso lasterketa onak egin zituzten eta etxera urrezko domina bat eta bi zilarrezko domina ekarri zituzten.

Horrela, Igor García Zarragak urrezko domina lortu zuen 3.000 m-ko lasterketan eta M50 kategorian. “Oso ausarta izen zen lasterketan, beti aurrera eta erritmoa handitzen egin behar izan zituen 15 biretako bakoitzean, harik eta harrapaezin bihurtu zen arte”, adierazi dute klubeko ordezkariek. Baina hori ez zen izan lortu zuen domina bakarra, 1.500 m-ko lasterketan bigarrena izan zen eta; hortaz, zilarrezkoa eskuratu zuen. Hitzordua biribiltzeko, 4x200 errelebo-taldea bigarren heldu zen bere kategorian; taldea osatu zuen Igor García Zarragak, Eduardo Manzanosek, Javier Allendek eta Raúl Ortizek (Barakaldoko klubak utzita). Bestalde, Javier Allende bederatzigarren heldu zen 800 m-ko eta 1.500 m-ko lasterketetan.

“Harro gaude gure atleta guztiez, domina lortu edo ez; izan ere, onenen artean egote hutsa bada garaipena. Nolanahi ere, podiumetan egon gara eta hori oparia da. Betiko moduan, onena da oso ondo pasatu dugula”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).