Loiuk 5,3 milioi euroko aurrekontua onartu du 2025erako

Aikor aldizkaria 2024ko abe. 17a, 13:33

Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak bere webgunean jakinarazi duenez, aurrekontua EAJren (8), EH Bilduren (2) eta PPren (1) aldeko botoekin onartu da, hau da, aho batez, eta aurtengoa baino % 5 handiagoa da. “Aurrekontu serioa eta errealista da, profil soziala duena eta inbertsioen aldeko apustua egiten duena”.

Begoñaren hitzetan, herritarrei entzute aktiboan oinarritu dira aurrekontuak diseinatzeko orduan. 2025eko aurrekontuak bermatuko du zerbitzu publikoak modu optimoan ematen direla. Era berean, ahalbidetuko du udal-langile gehiago kontratatzea, zerbitzu hobea eskaintzeko, eta Larrondon herritarren arretarako zerbitzua ipintzea, udal-izapideak errazteko. “Halaber, pertsona zaurgarrienentzako laguntzak handituko dira, eta gizarte-, kultura- eta kirol-elkarteentzako % 50eko igoerari eutsiko zaio”.

Beste aldetik, Begoñak adierazi duen moduan, aurrekontuari esker jarraituko dute auzoetan hobekuntzak egiten, eta proiektu estrategikoei ekingo diete, hala nola herriguneko eraldaketari, Ariztondo-Txiline sektoreko Etxebizitza Planari, bi biribilgune eraikitzeari eta Landatxueta kirol-gunea garatzeari.