Masterrek osatutako talde absolutuak, bestalde, zortzigarrena izan zen sailkapen orokorrean. Guztira 17 taldek parte hartu zuten, eta Txorierrikoa hirugarrena izan zen Bizkaiko taldeen artean. “Edu Marínek, Igor García Zárragak, Javier Allendek, Luis Plasenciak, Jonmi Trebolazabalak eta Alberto Fontechak lortu zuten lokatzez betetako zortzi kilometro baino gehiago egitea; beste atleta askok, berriz, ezin izan zuten ibilbidea amaitu. Gure taldea hirugarrena izan zen helmugan korrikalari gehien izan zituzten taldeen artean”. Euskadiko Kros Ligaren sariak ere banatu ziren Oiangu parkean. Beste Bira bigarrena izan da taldeko master kategorian, eta, banakako kategorian, Igor García Zarragak urrea lortu du M50ean, eta Eduardo Mendozak, brontzea M50ean ere bai.
Klubeko arduradunen esanetan, fitxaketa berriak egin dituzte denboraldi berriari begira. Horrela, talde absolutua sendotzeko asmoa dute. Taldeak erronka berriei ekingo die aurten, eta harrobia handitzen jarraitzen du: kategoria guztietako 140 atleta inguru. Domekan, urtarrilak 19, denboraldiko beste hitzordu garrantzitsu bat izango da Muskizen, eta Beste Bira hirugarren urtez saiatuko da Bizkaiko master titulua berrestea. “Oso talde indartsuak daude, eta erraza izango ez den arren, saiatuko gara”. Bestalde, otsailean Malagara joateko asmoa dute, Espainiako Kros Master Txapelketan parte hartzera.