Horren adibide garbi bezala har dezakegu Loiuko Zabaloetxe zentroan dauden adingabeen egoera. Maila sozial orokorrean pairatzen dituzten gehiegikeriaz eta jazarpenaz gain, muturreko egoeran bizitzera kondenatuta daude Txorierrin. Herritik ibiltzeko debekua, eskualdetik ez ibiltzeko agindua, beti hezitzaileek lagunduta ibiltzeko derrigortasuna, begirada arrazistak, autobusek haiek ikusi eta geltokiaz paso egitea bezalakoak bizi dituzte egunez egun. Guzti hori, gainera, bazterkeria eta isolamendu sozial sakon eta orokortu baten erdian.
Txorierriko GKStik ozen salatu nahi dugu gazte hauek bizi duten egoera zein horren atzean dagoen testuinguru orokorra. Onartezina da gazte hauek beren jatorriagatik edo kulturagatik horrela diskriminatu eta baztertzea. Halaber, debeku eta arau hauen erantzule zuzenak diren Bizkaiko Foru Aldundia eta Loiuko Udala seinalatu nahi ditugu, arrazakeria estrukturalaren ezinbesteko berme bezala jarduten dutelako. Arrazakeriaren eta aurrean dugun olatu erreakzionarioaren aurrean antolatzea eta eraso arrazista oro borrokatzea dagokigu. Bide horretan, urtarrilaren 25erako antolatu dugun manifestaziora batu zaitezten dei egiten dugu.
Zabaloetxeko gazteen kontrako kriminalizazioari ez! Arrazakeria instituzionala borrokatu!
Txorierriko Gazte Koordinadora Sozialista