Antolatzaileek azaldu dutenez, Euskal Backyard Ultra Loiuk bi modalitate izango ditu: ultra, buelta-mugarik ez duena; eta marathon (zazpi buelta). Gainera, ultra modalitatean kategoria bi egongo dira: banakakoa eta taldeka (lau kide). Irteera eta helmuga Zabaloetxeko frontoian ipiniko dira, eta probak ez du amaiera-ordurik izango. Horrela, parte-hartzaileek ordubete izango dute ibilbidea egiteko, eta lortzen ez badute, deskalifikatuko dituzte. Ordubete pasatuta, adierazitako denboran buelta egin dutenak berriro joango dira irteerara, beste buelta bat egiteko. Proba amaituko da ibilbidean pertsona bakar bat dagoenean eta gainerako parte-hartzaileek baino buelta bat gehiago ematen duenean; lortzen ez badu, ez da irabazlerik egongo. “Indar mentala oso garrantzitsua da modalitate honetan, izan ere, azkarrenak ez du irabazten, saiatuenak baizik”.
Ultra trail-modalitatea da Backyard Ultra proba, eta Estatu Batuetako Gary Cantrellek (Lazarus Lake moduan ezaguna) sortu zuen. Proba 2011n egin zen lehen aldiz Tennessen. Backyard hitzak adierazi nahi du atzeko patioa, eta Cantrellek izen hori ipini zion, zeren eta jendeak etxe ondoan egin ahal zuen ultratrail-formatua sortu nahi baitzuen.