Inauteriak barikuan ospatuko dituzte Loiun

Aikor aldizkaria 2025ko ots. 17a, 10:50

Freepik / wayhomestudio

Barikuan, otsailak 21, Inauteriak gozatuko dituzte Loiun, Zabaloetxe auzoan hain zuzen, 17:00etatik aurrera. Alde batetik, opariak zozketatuko dira mozorrotzen direnen artean, eta bestetik, tostada-lehiaketa egingo da. Oparien zozketan parte hartzeko, izena eman behar da 17:00etatik 19:00etara liburutegian; eta tostada-lehiaketan parte hartzeko, 20:30ean, Herriko Plazan.

Inauterien ekitaldiak umeentzako askari handi bat eginez hasiko dituzte. Hori 18:00etan izango da, eta ordu-laurden bat beranduago, 18:15ean, kontzertua egingo du Esana Gazte taldeak. Gainera, 20:00etan gisatua dastatzeko aukera egongo da. Mozorroen opariak 20:15ean zozketatuko dira, eta itsasoari lotuta egongo dira. Hiru kategoria egongo dira. Hamalau urtetik beherako kategoriaren irabazleak saritzat jasoko ditu Santurtziko Itsas Museoa bisitatzeko sarrera bat eta Agurtza arrantza-ontzia ezagutzeko beste sarrera bat. Talde-saria (gehienez 16 lagun) irabazten dutenek, bestalde, jasoko dituzte Santurtziko Itsas Museoa bisitatzeko sarrerak, Agurtza arrantza-ontzia ezagutzeko sarrerak eta itsasadarretik txalupaz ibiltzea. Hamabost urtetik gorako saridunak, azkenik, baleak ikustera joateko bi lagunentzako bidaia jasoko du saritzat. Zozketaren oinarriak hemen kontsultatu daitezke.

Ondoren, 20:30ean, tostadak aurkeztuko dira, epaimahaiak baloratu ditzan. Guztira hiru sari emango dituzte: 150 euro, irabazlearentzat; 100 euro, bigarrenarentzat; eta 50 euro, hirugarrenarentzat. Lehiaketaren oinarriak hemen daude irakurgai. Txokolatada egongo da 20:45ean, eta tostada-lehiaketaren sariak 21:30ean banatuko dira. Eguna biribiltzeko, 22:00etan, kontzertua izango da Lei taldearen eskutik. Loiuko Udalak antolatutako egitaraua da, eta ekintzak Herriko Plazan egingo dira.