Bi biribilgune egingo dira, Loiun bide-segurtasuna areagotzeko

Aikor aldizkaria 2025ko ots. 21a, 13:25

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak onartu du BI-2704 errepideko sarbideak antolatzea eta hobetzea. Asua eta Plentzia lotzeaz gainera, aireporturako sarbideetako bat da errepide hori, batez ere Eskuinaldetik, eta unibertsitaterako sarbidea ere bada. Azaldu moduan, bi biribilgune eraikiko dira, bidegurutze banatan, bidearen segurtasuna areagotzeko eta trafikoa arintzeko.

Era berean, hobetuko dira inguruko drainatzea, bide-zorua, argiztapena, seinaleztapena, balizajea eta eusteko sistemak. Lanek 20 hilabete iraungo dute, eta 3,16 milioi euro inbertituko dira, Loiuko Udalarekin sinatutako hitzarmenaren bidez finantzatuta. Lanak egingo diren tartea Loiun bertan dago, eta bi bidegurutzeri eragiten die. Alde batetik, BI-3707 errepidearekiko bidegurutzea. Errepide horrek Loiuko hiri-eremua zeharkatzen du, eta aireportuko lotunean amaitzen da. “Eremuan zenbait ikastetxe daude, eta haietarako sarbide nagusia da errepidea. Horrek autobus-trafiko handia sortzen du inguruan”. Beste aldetik, Ibarrondo bidearekiko bidegurutzea, aurrekotik 140 bat metrora eta foru-errepidearen ezkerraldean dagoena. “Bideak zerbitzua ematen die zenbait baserriri. Gainera, eskuineko ertzean, plangintza-fasean dagoen hirigintza-garapen bat dago aurreikusita”.