Bost medaila eta marka pertsonalak Beste Bira Loiurentzat

Aikor aldizkaria 2025ko eka. 3a, 13:13

Zapatuan, maiatzak 31, Euskadiko Eskolarteko Txapelketa izan zen Gasteizen, eta bertan Beste Bira Loiu klubeko bi atletak hartu zuten parte: Zeaine Sagarduyk disko-jaurtiketan eta Iraia Gonzalezek ibilketan. Bigarren saialdian, Sagarduyk 16 metroko baino gehiagoko distantziara jaurti zuen diskoa, eta horri esker hirugarren postua lortu zuen; hortaz, modalitatean hasiberria den derioztarrak brontzea eskuratu zuen. Gonzalez ere oso ondo ibili zen 3.000 metroko ibilketan, eta bero handia zegoen arren, helmugara ailegatu zen eta bere marka hobetu zuen.

Bien bitartean, lau gazte lehiatu ziren 18 uztez azpiko eta 20 urtez azpiko Bizkaiko Txapelketan. Jonan de Vicente klubeko lehena izan zen medaila eskuratzen, 20 urtez azpiko txapelketan, zilarra lortu baitzen 100 metroko lasterketan. Gainera, arratsaldean ere igo zen podiumera, 200 metroko lasterketan 22´78ko marka lortu baitzen. Uztailean Espainiako Txapelketa izango da Badajozen, eta bertan parte hartu ahal izateko bigarren aukerako gutxieneko marka da de Vicentek egindakoa.

Martin Corderok, bestalde, 800 metroko lasterketa ederra egin zuen eta urrea eskuratu zuen. Gainera, helmugara ailegatzeko 200 metro falta zirela bere marka bi segundo jaitsi zuen: 2:01. Azken medaila, brontzekoa, Elian Agustín Quinterosek eraman zuen 200 metroko lasterketan, 24,71eko marka egin zuela. Era berean, finalista izan zen 100 metroko lasterketan eta seigarrena ailegatu zen. Beste alde batetik, Haizea Perezek bere denbora jaitsi zuen 100 eta 200 metroko lasterketetan. Azkenik, 1.500 metroko lasterketan, Eduardo Manzanosek gutxieneko denbora egin zuen Espainiako Master Txapelketan parte hartu ahal izateko, ekainaren 21ean La Nucia herrian (Valentzia) izango dena. “Ahaztu ezin den zapatua izan da, eta harrobiko entrenatzaileen eta atleten lana islatu du”, esan dute klubeko ordezkariek.