200 kirolari batuko dira Euskal Backyard Ultra Loiun

Aikor aldizkaria 2025ko eka. 4a, 13:03

a: Euskal Backyard Ultra

Loiuko Udala eta Kukulu mendi-taldea elkarlanean, ekainaren 7an eta 8an Euskal Backyard Ultra proba egingo da udalerrian. Proban 200 kirolarik hartuko dute parte, eta 6,7 kilometroko eta 200 metroko desnibeleko ibilbideari egin beharko diote aurre.

Fernando Perez da antolatzaileetako bat, eta azaldu duenez, Euskal Backyard Ultra Loiuk bi modalitate izango ditu. Alde batetik, ultra modalitatea egingo da, buelta-mugarik eta amaitzeko ordurik ez duena. Irteera eta helmuga Zabaloetxeko frontoian ipiniko dira, eta asfaltoko bi kilometro kenduta, parte-hartzaileak mendiko bidexketatik ibiliko dira. Ordubete izango dute ibilbidea egiteko, eta lortu ezean, deskalifikatuko dituzte. Ordubete pasatuta, berriro joango dira irteerara eta ibilbidea berriro egin beharko dute. Proba amaituko da ibilbidean pertsona bakar bat dagoenean eta gainerako parte-hartzaileek baino buelta bat gehiago ematen duenean; lortzen ez badu, ez da irabazlerik egongo. “Hortaz, eta oso parte-hartzaile onak eta indartsuak izango ditugula kontuan hartuta, probak 24 ordu baino gehiago iraun lezake. Bestalde, esan beharra dago 200 metroko desnibela dela-eta proba gogorra izango dela”. Esate baterako, faboritoen artean daude Jose Manuel Ruiz Verdugo katalana, Espainiako txapelduna dena eta 60 bueltako errekorra duena, eta Mungiako Ibon Ganboa, hainbat proba irabazi dituena eta 2021etik hona Galiziako probaren errekorra duena: 38 buelta. Beste alde batetik, maratoi kategoria ere egongo da, eta parte-hartzaileek zazpi buelta eman beharko diote ibilbideari. Azaldu moduan, azken modalitate hori egin ohi da backyard ultra proba ezagutzera emateko.

Izena ematea itxita dago jadanik, eta guztira 200 kirolari batuko dira Loiuko proban: 150ek ultra modalitatean hartuko dute parte; eta 50ek, maratoi modalitatean. Gehienak euskaldunak dira, baina 80 parte-hartzaile inguru Espainiatik eta Frantziatik etorriko dira. Txorierriko ordezkariak ere egongo dira; zehatz-mehatz, Sondika, Loiu, Derio eta Lezamako 11 parte-hartzaile. Txapeldunak eta txapeldunordeak trofeo bana eramango dute, eta lehen, bigarren eta hirugarren postuetan gelditzen diren taldeentzat ere egongo dira trofeoak. Era berean, buelta gehien egiten duen emakumezkoak trofeoa jasoko du, baita buelta gehien egiten dituzten Txorierriko gizonezkoak eta emakumezkoak ere.

Perezen esanetan, helburua da Backyard Ultra ez ezik, Loiu ere ezagutzera ematea, “ibiltzeko mendi eta leku polit-politak ditu eta”. Ultra trail-modalitatea da Backyard Ultra proba, eta Estatu Batuetako Gary Cantrellek (Lazarus Lake moduan ezaguna) sortu zuen. Proba 2011n egin zen lehen aldiz Tennessen. Backyard hitzak adierazi nahi du atzeko patioa, eta Cantrellek izen hori ipini zion, zeren eta jendeak etxe ondoan egin ahal zuen ultratrail-formatua sortu nahi baitzuen. Espainiako Estatura duela sei urte ailegatu zen, Galiziara hain zuzen ere, eta gaur egun 30 proba egiten dira estatu osoan. Lehenago iragarri bazen ere, Euskal Backyard Ultra Loiu da Euskadin egingo den bigarren proba, apirilean beste bat egin zelako Usurbilen. Biak bakarrak dira Kantauri itsasoko ertzean.