Beste Birako bi gazte Bizkaiko Selekziora

Aikor aldizkaria 2025ko eka. 6a, 10:40

Bihar, ekainak 7, Pirinioen arteko Topaketa izango da Donostian, Anoetan hain zuzen, eta bertan neurtuko dira Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Akitaniako atleten indarrak. Bizkaiko Atletismo Federazioak 20 urtez eta 18 urtez azpiko kategorietako atleten artean hautatu ditu azken probetan emaitzarik onak lortu dituztenak: bi modalitate bakoitzeko eta erreleboetarako gizonezkoen talde bat eta emakumezkoen beste talde bat. Haien artean Beste Birako bi atleta daude: Jonan de Vicente eta Martín Cordero.

Bizkaiko Selekzioak de Vicenteri deitu dio 4x100 errelebo-proban parte hartu dezan. Sondikakoa Euskadiko laugarrena da, eta Bizkaiko txapeldunordea 100 metroko eta 200 metroko lasterketetan, zeinetan bere marka hobetu baitzuen. Gainera, distantzia horietan bietan gutxieneko marka lortu du Espainiako txapelketara joan ahal izateko. Cordero, bestalde, 800 metroko lasterketan lehiaketuko da. Loiuko Beste Birako atletak Bizkaiko txapelketa irabazi zuen joan den asteburuan distantzia horretan, eta gainera, bere marka hobetu zuen: 2:01. “Saria da bientzat, oso denboraldi ona egin dutelako”, adierazi dute klubaren arduradunek.