41 orduko Backyard Ultra

Aikor aldizkaria 2025ko eka. 11a, 12:57

Zapatuko 9:00etan, ekainak 7, hasi zen Euskal Backyard Ultra Loiu, eta 41 ordu beranduago amaitu zen, Jose Manuel Ruiz Verdugo katalana irabazle izan zela. Verdugok 41 buelta egin zituen 6,7 kilometroko eta 200 metroko desnibeleko ibilbidearen inguruan, eta bigarrena edo laguntzailea Ibon Ganboa mungiarra izan zen (40 buelta). Bestalde, Irati Ortiz de Anda lezamarra izan zen buelta gehien egin zuen emakumea eta txorierritarra: 22 buelta, hain zuzen; eta zortzigarrena gelditu zen sailkapen orokorrean.

Fernando Pérez da antolatzaileetako bat, eta bere esanetan, giro itzela egon zen asteburu osoan Loiun, eta, gainera, herritarrek ere dena eman zuten proba girotzeko eta parte-hartzaileei adorea emateko. Era berean, poz-pozik daude, parte-hartzaileek esker ona adierazi diete antolatze-lanengatik. “Ibilbide gogorra izan da, baina polita”. Horregatik, ez da harritzekoa, ahal dela, datorren urtean ere proba antolatu nahi izatea.

Irteera eta helmuga Zabaloetxeko frontoian ipini ziren, eta asfaltoko bi kilometro kenduta, parte-hartzaileak mendiko bidexketatik ibili ziren, 6,7 kilometroko ibilbidea egiteko. Ordubete izan zuten ibilbidea egiteko, eta lortu ezean, deskalifikatu zituzten. Ordubete pasatuta, berriro joan ziren irteerara eta ibilbidea berriro egin zuten. Horrela pasatu ziren 41 ordu, harik eta Verdugo ibilbidean zebilen parte-hartzaile bakarra izan zen arte. Beste alde batetik, Irungo KBRNZS lehena izan zen taldekako sailkapenean, eta Sondikako Ugaitz Castaños eta Eder Uriarte izan ziren maratoi modalitatean zazpi buelta egin zituztenen artean. Proban guztira 200 lagunek eman zuten izena.

Euskal Backyard Ultra antolatu da Loiuko Udala eta Kukulu mendi-taldea elkarlanean. Ultra trail-modalitatea da Backyard Ultra proba, eta Estatu Batuetako Gary Cantrellek (Lazarus Lake moduan ezaguna) sortu zuen. Proba 2011n egin zen lehen aldiz Tennessen. Backyard hitzak adierazi nahi du atzeko patioa, eta Cantrellek izen hori ipini zion, zeren eta jendeak etxe ondoan egin ahal zuen ultratrail-formatua sortu nahi baitzuen.