Gabonetako egitaraua Loiun

Aikor aldizkaria 2025eko abenduaren 3a

Loiuko Udalak, Gabonak direla eta, hainbat ekintza antolatu ditu. Umeentzako campusak, PINera irteera, Olentzeroren etxera irteera, eta Gabonetako bazkaria dira ekintza hauek.

Umeentzako campusei dagokienez, bi txanda antolatu ditu: lehena abenduaren 22tik 26ra (25a izan ezik); eta bigarrena abenduaren 29tik urtarrilaren 26ra (urtarrilaren 1a izan ezik). Bi txandak 4 urtetik 12 urtera arteko umeentzat zuzenduta daude, doakoak izango dira eta Loiun erroldatutakoentzat zuzenduta dago. Ordutegia goizeko 9:30etatik 13:30etara izango da bi txandetan, eta bietan izen emateko epea abenduaren 15ean, astelehena, itxiko da.
Abenduaren 21ean, domeka, Olentzeroren etxera egingo da irteera. Eskaera bat bete beharko da, bakarra pertsona bakoitzeko. Eskaeran heldua edo umea den adierazi beharko da, eta hiru urtetik beherakoek ez dute eskabidea bete beharrik. Epea abenduaren 15ean itxiko da, eta sarrerak abenduaren 18an eta 19an hartu beharko dira.

Abenduaren 27an, zapatua, BEC-en egongo den PINera irteera antolatu du Udalak. Irteera goizeko 9:45etan izango da Lauroetatik, 10:00etan Zabaloetxen eta 10:15etan Larrondon. Itzulera, berriz, 14:00etan izango da, BEC-etik. 6 urtetik beherakoak lagunduta joan beharko dira, eta adin hori baino gehiago dutenek, lagunduta joan izatekotan, parte-hartzaileen datuekin bete beharreko formularioan adierazi beharko du. Formulario hori betetzeko epea abenduaren 15ean itxiko da.

Bukatzeko, abenduaren 20an, zapatua, Gabonetako bazkaria egingo da Aspaldiko jatetxean. Bazkaria 14:45etan izango da, 19:00etan, Asier Bilbaoren show-a izango da, eta bukatzeko, 21:00etan, Trambolicos Band arituko dira. Mahai berera taldean doazen pertsonek, formularioko “adierazi zein mahairi dagokion” laukitxoan izen bera jarri beharko dute. Erroldatutakoentzako prezioa 30€-koa izango da, eta gainerakoentzat, 50€-koa. Izena emateko epeari dagokionez, erroldatutakoek abenduaren 10era arte, eguaztena, izango dute; gainerakoek, berriz, abenduaren 12ra arte, barikua.