Loiuko Udalak %14 baino gehiago igo du aurrekontua 2026an

Mikel Reina Barros 2026ko urtarrilaren 23a

Loiuko Udalak 6.068.000 euroko aurrekontua onartu du 2026rako, hau da, 2025ekoa baino %14 handiagoa. EAJk eta EH Bilduk alde bozkatu dute eta PPk aurkako botoa eman du. Loiuk aurrekontua bikoiztu egin du hamarkada batean: 3,4 milioi kudeatu ziren 2016an, eta 6 milioi, berriz, 2026an.

Alde horretatik, kontuak "herritarrek eskatutako proiektu estrategikoak" biltzen dituzten bost ardatzetan oinarritzen direla nabarmendu du Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak. Horietako batek gazteriaren eta etxebizitzaren atala aipatzen du, batez ere Ariztondo-Txiline sektorearen hirigintza garapenarekin, etxebizitza publikoaren eraikuntzarekin eta Landatxueta kirolgunean udal igerilekuak eraikitzeko lizitazioarekin. Aldi berean, udalerriko hirigintza garapena ahalbidetzeko, datozen asteetan erdialdean bi biribilgune handi eraikitzen hasiko dira, zirkulazioa hobetzeko helburuarekin.

Era berean, egungo zerbitzu publikoak eta berriak, hala nola, Lauroetako haurreskola eta Larrondo eta Zabaloetxeko bi gimnasioak, aurten zabaltzea aurreikusten dute. Iaz onartutako gizarte, kultura eta kirol sare osorako dirulaguntzen %50eko igoerari eutsiko diote. Alde horretatik, beste proiektu batzuk ere garatuko dituzte, adibidez, Larrondon pumptruck pista bat, Zabaloetxen kalistenia zirkuitu bat, Larrondoko futbol zelaiko argiteria berritzea, Lauroetako bidea asfaltatzea (BI-3709), Larrondon udal bulego bat sortzea eta auzotaxi zerbitzua ezartzea.