Iaz lehenengo aldiz antolatu zuen Loiuko lagun talde batek Padel Liga, “ilusio handiarekin eta noraino iritsiko zen oso ondo jakin barik”. Aurreikuspen guztiak gainditu zituzten eta txapelketak “harrera bikaina” izan zuen. Jende askok parte hartu zuen eta giro bikaina sortu zuten.
Aurten, ordea, ez dute txapelketa errepikatuko. Alde batetik, antolatzaileek esan dute ez dutela “denbora nahikorik lehiaketa behar bezala aurrera eramateko. “Liga bat antolatzeak kanpotik eman dezakeena baino lan gehiago darama, eta une honetan ez dugu behar adina denbora gure ustez merezi duena eskaintzeko”.
Beste alde batetik, Loiuko Udalarekin “aspalditik” izaten ari diren egoerarekin du zerikusia. “Uste dugu horrelako liga bat antolatu ahal izateko elkarlana behar dela eta alde guztiok norabide berean arraun egin behar dugula. Une honetan ez dugu sentitzen horrela denik; izan ere, askotan sentitu dugu lehentasuna eman zaiela norberaren interesei proiektuari eta haren atzean dauden pertsonei baino”.
Hori bai, ez dute atea betirako ixten, baina “egungo egoera dezente aldatu” beharko zela diote. “Lehen txapelketako gauza on guztiekin geratzen gara, parte hartu zuen jendearekin, une onekin eta harrera ona izan zuen zerbait sortu izanaren poztasunarekin”.