Troquenor enpresako langileak greban

Aikor aldizkaria 2008ko urt. 4a, 10:33

Sondikako Troquenor enpresaren 200 langileek greba hasi dute, azken bolada honetan bizi duten egoera salatzeko. Izan ere, oraindik ez dute Gabonetako aparteko paga jaso eta duela gutxi enpresak gutun bana bidali die “Gabonak zoriontzeko”, langileek ironiaz esan dutenez. Gutunean, egoera txarra bizi dutela aitortu dute agintariek eta hori dela-eta, neurri batzuk hartu behar direla: antzinatasun-sariak kendu, enplegu-erregulazioko espedientea jarri eta fakturazioaren arabera ordaindu, besteak beste. Hori guzti hori onartzen ez badute, ezin izango direla soldatak ordaindu adierazi die zuzendaritzak langileei gutunean. Gainera, langile batzuk kaleratu behar izango dituztela ohartarazi die. Langileen esanetan, tamalgarria da enpresaren jarrera “harroputza”. Beraz, eurak ere neurriak hartzen hasi dira: atzo Sondikatik martxa bat egin zuten eta Gorka Carro herriko alkatearekin hitz egin zuten konponbideren bat bilatzeko asmoz. Halaber, datorren astean enpresaren atarian bazkalduko dute eta gatazka jarraituz gero, gero eta ekintza gehiago antolatuko dituzte. “Eta gatazka luze joko du”, aurreikusi du langile batek. Sindikatuek une txarra dela jakin badakite, ekoizpenaren zati bat Txinara edota Errumaniara eraman dutelako. “Hala ere, ezin dugu txinatar eta errumaniarren moduan kobratu, hemen bizitza-maila han baino askoz altuagoa baita”, esan du langileen ordezkari batek.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).