Gorantzaileak mende erdia ospatuko du IV. Euskal Ezkontzarekin

Aikor aldizkaria 2016ko ira. 26a, 11:57
Sondikako Gorantzaileak dantza taldeak 50 urte bete ditu aurten eta jai berezia prestatu du urriaren 7, 8 eta 9an, Euskal Ezkontzaren IV. edizioarekin uztarturik. Ostiralean, Xabi Aburruzagak kontzertua eskainiko du tren geltokiko aparkalekuan, 20:00etan eta 23:00etan DJ saioa izango da. Larunbatean, 12:00etan Erraldoi eta Buruhandien kalejira izango da Bizkaiko Gaitarien musikarekin eta 19:30ean dantza taldearen 50. urteurrena ospatuko da herriko frontoian. “Egun berezia izango da: 200 dantzari inguru izango ditugu Sondikan, zahar eta gazteen artean. Horiei guztiei musikariak eta Txuma Olague abesbatzako kantariak gehitu behar zaizkie. Jende mordoa izango da bertan” aipatzen du Izaskun Llonak, dantza taldeko zuzendariak. Igandean Euskal Ezkontzaren laugarren edizioa ospatuko da, aurten Aresti Beheko baserriko Romualdo Aburto eta Gregoria Etxebarriaren artekoa, 1912koa. Korteiuan eskopeteroek, gaiteroek, zanparzaharrek, senar-emazteek, gurasoek, aitite-amamek, aitabitxiek eta lekukoek, senargaien neba-arrebek, epaileak eta berauen emazteak, Bilbo eta Ameriketako osaba-izekoek, ume zaintzaileak, herriko lagunek, senargaien gonbidatuek, Txuma Olague koruko kantariek, txistulariek eta dantzariek parte hartuko dute. Idiek bi gurdi eramango dituzte, ohea eta arreorako. Desfilearen ostean, bazkaria egingo da frontoian. Bertan 400 lagun baino gehiago espero dira. 2006an Euskal Ezkontzaren lehen edizioa izan zen, 2008an bigarrena eta 2011an hirugarrena. 2016koan, Ezkontzaz gain, kontzertuak, DJ saioa, gaitariak, kale animazioa eta bestelako ikuskizunak izango dira hiru egunetan zehar Sondikako kaleetan zehar, mende erdia ez baita egunero ospatzen.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).