Bigarren edizio honetan berrikuntzak izango dira: martxoan metroko 3. linea inauguratu eta, Bilborekiko konexioa arindu egingo da. Alde zaharretik (San Nikolas) Olako geltokira zazpi minutu baino ez dira egongo, trenez. Espero da 2017ko bigarren edizioak aurrekoa baino jendetsuagoa izatea, pasa den ekainean 500 ikusle egon zirelako ostiralean (Elliot Murphy, Los Lobos) eta 2.000 larunbatean (Jethro Tull, Graham Nash). Jaialdia BBK Music Legends zikloan jaio zen, eta 2011tik gaur egun arte Booker T. Jones, Manfred Mann’s Earth Band, John Mayall, Jonny Winter, Marianne Faitfull, Rickie Lee Jones, Leon Russel… bezalako artistak igaro dira, eta pasa den urteko BBK Music Legends Festivalean Jethro Tull, Graham Nash, Elliot Murphy & Band, David Lindley eta Nina Hagen Band izan ziren, besteak beste. Van Morrisonen bigarren kontzertua izango da Estatu mailan, lehena 2017ko Primavera Sound Festivalen egingo du eta.
Van Morrison
Sei Grammy irabazi ditu Van The Manek, Them-eko taldekide ohiak. Azken talde honekin Gloria abesti arrakastatsua konposatu zuen. Azken lana Keep Me Singing da eta 60. hamarkadan zuen folk-soul-jazz-rythm & Blues estiloa mantentzen du. George Ivan Morrison Belfasten jaio zen (Ipar Irlanda) 1945eko abuztuaren 31n. Txorierrin egingo den jaialdiaren bi eguneko sarrerek 80 euro balioko dute urtarrilaren 6ra arte, prezio ‘onargarria’ kontuan izanda 2015ean Euskalduna jauregian egindako kontzertuaren prezioa 75 eurotik 310era bitartekoak izan zirela.