“Jendearen partaidetzatik dator nekazal azokari kontzeptualki bueltatxo bat ematea. Horregatik pentsatu genuen beste norabide bat hartu eta euskal kulturarekin eta euskararekin lotutako azoka sortzea. Jendearen aldetik erantzun ona badago, azokari eutsi eta handitu egingo dugu”.
Azoka azaroaren 11rako eta 12rako antolatu dute. Zapatuan, Bizkaiko Eskupilota Herriarteko Finala egingo da Gorondabeko frontoian, 17:00etan. Partidak kategoria hauetan jokatuko dira: umeak, kadeteak eta seniorrak. Azokaren egun nagusia hurrengo egunean, domekan, izango da.
Azokari 10:00etan emango diote hasiera eta, merkatuan, 14:30ak arte egongo da euskal produktuak erosteko aukera. Era berean, hainbat ekitaldi egingo dira goiz osoan zehar. Hala, 10:15ean txalaparta erakustaldia izango da Ikurrinaren enparantzan, eta Ipar Elaiak txistu taldea kalejiran aterako da 11:00etan. Ordu horretan ere jokatuko da Sokatira Bizkaiko Txapelketaren bigarren saioa, eta 12:00etatik 14:00etara talo eta eskupilota tailerrak egingo dira merkatuan.
Gorantzaileak dantza taldeak, buruhandiak eta erraldoiak girotuta, dantza-potea egongo da 12:00etatik aurrera. Hitzordua Ikurrinaren enparantzan ipini dute. Bestetik, txalaparta tailerra egingo da 12:30ean, eta Bentazaharreko mutiko alaiak taldeak euskal kantak eskainiko dituzte 13:00etan. Ikurrinaren enparantzan, dantza-kanten saioa izango da 13:30ean.