Hasteko, 13:00etan Ikurrinaren plazatik aterako dira dantza-poteoan Elaiak taldeko txistulariekin eta Gorantzaileak taldeko dantzariekin. Gainera, nahi duenak aukera izango du irailaren 19an, 19:30etik 21:00etara, Gorantzaileak taldekoekin entsegua egiteko.
Trago batzuk hartu ostean, herri bazkaria edukiko dute 15:00etan, karpan. Aurten lehenengo aldiz eskainiko dute sagardotegiko menua eta txartelak leku hauetan erosi ahalko dira: Egarri tabernan, Batzokian, txosnan eta 635753595 telefono zenbakira deituta. Txartelak hartzeko azken eguna irailaren 16a izango da. Nagusientzako bazkariak 17 euro balio du eta menua hau izango da: txorizoa sagardoarekin, entsalada hornitua, bakailao-tortilla, saiheski errea, gazta, irasagarra eta intxaurrak, eta nahi beste sagardo. Umeentzat, berriz, zukua, makarroiak, txitxi-burruntzia txingarretan erreta, jogurta, ogia eta ura egongo dira. Euren menuak 12 euro balio du.
Sabela bete ondoren, 16:30ean, musika-saioa eskainiko dute Txuma Olagüe abesbatzak eta Txuma Olagüe talde koralak. Taberna Ibiltariak lekukoa hartuko du eta arratsaldea girotuko du euskal abestiak kantatuz.