Sondikako Udalaren esanetan, kokalekuak baino, Inauterien ordutegiak sortu du desadostasun handiena

Aikor aldizkaria 2019ko urt. 17a, 12:50

Aurten, eztabaida sortu da Sondikan Inauterien inguruan. Sondikako Inauterien Elkarteak jakinarazi zuen moduan, taldea eta Udala ez dira ados jartzen jai-gunearen kokalekuari dagokionez. Udalak, bestalde, ohar bat argitaratu du eta horretan aintzat hartzen du Inauteriak hobetzeko “denok egiten dugun lana”. Hala ere, adierazi du antolatzaileen eta babesleen arteko desadostasun nagusia jaiaren ordutegia dela. 

“Elkarteak eskatu du musika goizeko 7ak arte jartzea, eta Udalak esan die goizeko 5etan kendu behar dela”.

Euren jarrera azaltzeko, agintariek hainbat arrazoi eman dituzte: batetik, “legeak ezartzen duen ordutegia” da; eta bestetik, jaiak bat egin behar du atsedena hartzeko eskubidearekin. Gainera, gogora ekarri dute iaz borrokak izan zirela eta zabor-edukiontzi batzuk erre zituztela. “Halakoak 5:00etatik aurrera gertatzen dira”. Azkenik, Udalaren ustez, garbiketa-langileek denbora behar dute jai-gunea behar bezala garbitzeko. “Inoiz langileek errespetu falta larriak pairatu dituzte, beren kontra eta egiten duten lanaren kontra”.

Kokapenari dagokionez, segurtasun arloko arrazoiak direla eta, jai-gunea lekuz aldatu behar dela uste dute Udalak zein elkarteak; baina Udalak karpa bakar bat jarri nahi du; eta elkarteak, aldiz, karpa bi. “Jai-gune bakar bat atondu nahi dugu, ahal bada. Denbora luze daramagu lanean, eta horretan jarraitzen dugu akordioa lortzeko borondate bera dugula”. Esandakoaren arabera, karparen tamainaren eta horren kokalekuaren haritik hainbat aukera aztertzen dabiltzan arren, ez dute baztertu karpa bi ipintzea.

Azkenik, bermatu dute Sondikan Inauteriak ospatzen jarraituko dutela. “Inoiz baino ilusio handiagorekin eta jai-gune berri batean. Denon artean hobetuko dugu Sondika osoarena den eta Sondika osoarentzat egiten dugun jai hau hobetzea”.

Sondikako Inauterien Elkarteko kideak gaur batuko dira eta egoera aztertuko dute. Esan digutenaren arabera, ez dute Udalarekin gerra bat hasi nahi. “Ahalik eta Inauteririk onenak antolatzea dugu helburu, besterik ez”. Era berean, bihar –eta ez eguaztenean, hasiera batean adostu zuten moduan–  beste bilera bat izango dute Udalarekin.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).