Sondika, txori hegalarien habia dokumentala aurkeztuko da bihar Kultur Etxean

Aikor aldizkaria 2019ko mar. 29a, 10:32

Sondikako Udalak Sondika, txori hegalarien habia dokumentala egin du Labayru Fundazioaren laguntzarekin. Lan horretan, herriko historia hurbila jaso da hainbat lekukoren testigantzari esker. Dokumentala bihar, martxoak 30, eskainiko da Sondikako Kultur Etxean, eta emanaldi bi egongo dira: bata, euskaraz, 18:00etan; eta bestea, gaztelaniaz, 19:30ean. Udalak gonbidapenak banatu ditu herritarren artean, lana ikus dezaten.  

“Dokumentalaren helburua orain dela urte bi aurkeztu genuen Lehentasunezko Planean jaso genuen: Sondikako oroitzapenak berreskuratu gura genituen. Hau da, Sondika aireportua egin baino lehen, esaterako, ezagutu zuten pertsonen testigantzak berreskuratu eta, etorkizunari begira, hareen balioa azpimarratu”, azaldu du Xabier Zubiaur alkateak.

Lana bidaia da hiri-hazkundearen aurreko garaietara, eta hura herriko 10 lagunen eskutik egiten da. “Parte-hartzaile bakoitzak haurtzaroa izan du hizpide, gaztaroa, lana, baserriak, errotak… Nagusiagoek oso ondo gogoratzen dituzte herrian orain dela ehun urte Sondikan egozan baserrien izenak, zelako ohiturak egozan… Horreek oroitzapen berriekin uztartzen dira: industria, inauteriak, hezkuntza frankismoan…”.

Gaur eguneko Sondikak eta orain dela 100 urtekoak ez dute zerikusirik, herria goitik behera aldatu da eta. Sondika, txori hegalarien habia dokumentalak herriaren historia kontatzen du sondikoztarren ahotik. Besteak beste, gai hauek jaso dira: gerra eta gerraondoko urte latzak, anexioa eta desanexioa, eguneroko bizimodua eta jaiak. Dokumentalean duela 100 urteko argazkiak ere batu dira, eta anekdotetarako ere lekua egon da. Esate baterako, aireportua egin zenean, hegazkin gutxi zebiltzanez, herritarrak handik pasatzen ziren beste aldeko lekuetara joateko.