Lapiko-hotsa, Sondikan izandako sexu-abusuak salatzeko

b: Garrasia talde feminista 2020ko api. 22a, 13:13

Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen atzo Sondikan, 19 urteko alabaordeaz eta bi adingabez abusatu izana leporatuta. Garrasia herriko talde feministak lapiko-hotsa antolatu zuen iluntzean sexu-abusuak salatzeko, eta etxeetako leihoetan eta balkoietan puntu morea ipintzeko deia egin zien sondikoztarrei.

“Argi utzi nahi dugu ez ditugulako horrelako egoerak jasango, ez gure herrian, ez inon. Horregatik, orain indarrak batu behar ditugu egoera hau salatzeko eta guztion artean garrasi egiteko”, adierazi zuten komunikatu baten bidez. “Nazkatuta gaude, kokoteraino gaude, eta hemen izango gaituzue horrelako egoeren aurka borrokatzeko prest”. Era berean, babesa adierazi zieten sexu-abusua jaso duten neskei eta euren familiei, eta gogora ekarri zuten konfinamenduan hainbat emakume haien erasotzailearekin daudela etxean, inolako babesik gabe. “Emakume guzti horiei ere eskua luzatzen diegu. Ez zaudete bakarrik, zuen alboan izango gaituzue”.

Bestalde, Sondikako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ere gaitzetsi zituzten sexu-abusuak, eta babesa adierazi zien hiru neskei eta euren familiei.

Genero-indarkeria edota sexu-erasoa jaso duten emakumeentzako arreta-telefonoa: 900 840 111.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).