Sondikako Udalak ordezko jai-egitaraua eta aire zabaleko ekintzak antolatu ditu datozen asteetarako

a: Juanjo Ortiz 2020ko eka. 18a, 11:57

Pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, udako kultura-ekintzak eta jaiak bertan behera utzi edo egokitu behar izan dira. Horren harira, eta betiere segurtasun-neurriak hartuta, Sondikako Udalaren Kultura Saila lanean dabil kultura-egitaraua ahal den neurrian berriro martxan ipintzeko. Besteak beste, ekitaldi sinbolikoak egingo dituzte San Joan ospatzeko eta uztailean aire zabaleko zinea gozatu ahalko dute.

“Egoera korapilatsu honetan, aukera bideragarriak aztertzen gabiltza. Esperientzia arrakastatsuen berri izan dugu eta bide hori jorratu nahi dugu, arauak errespetatuz, edukierak murriztuz eta herritarrak arduratsuak izanda, baina birusak eragindako mugak pixkanaka-pixkanaka gaindituz”, azaldu du Xabier Zubiaur alkateak.

Horrela, bada, eta San Joan ospakizunaren baitan, ekainaren 23an txupinazoa botako dute eta Ipar Elaiak txistu taldea kalejiran ibiliko da herriko kaleetatik. Balkoi eta leiho apainduen lehiaketaren parte-hartzaileek jaietako apaingarriak prest izan beharko dituzte 21:00etarako; zapiak eta loreak, haien artean. Segurtasun-arrazoiengatik eta jendetza batzea ekiditeko, aurten ezin izango da San Joan gaueko sua piztu; hala ere, udalak ordezko ekintza proposatu die herritarrei: balkoietan eta leihoetan koloreak ipintzea eta gaua argitzea.  

Ekainaren 24an, eguaztenean, txikientzako familia-gymkana egongo da. Galdera batzuei erantzuteaz eta proba batzuk egiteaz gain, umeek herriko hainbat gune bisitatu beharko dituzte. Gymkana 10:00etatik 18:00etara izango da. Era berean, 12:00etan meza izango da eta Ipar Elaiak txistu taldea kalejiran irtengo da. Gazteleku fanfarreak kaleak girotuko ditu arratsaldean eta 20:00etan azken traka botako da San Joan jaiak amaitzeko. Udalak jakinarazi duenez, udaltzaingoa eta Ertzaintza arduratuko dira ekintzetan jendetzarik ez batzeaz.   

Bestalde, udalak herriko balioak sustatzen dituzten elkarteei eta taldeei omenaldia egin ohi die jaietan. Aurten ere omenaldia egingo da, eta udalak euskal osasun- eta laguntza-sektoreen lana hain zuzen hartuko du aintzat. Omenaldia Sondikako talde bi hauek jasoko dute: anbulatorioko langileak eta Larrabarrena zahar-etxeko langileak.  

Sondika Uda 2.0 kanpainari dagokionez, udalak jakinarazi du 78 gaztetxok aurrematrikula egin dutela. Kanpaia ekainaren 29tik uztailaren 24ra arte izango da eta gaur, ekainak 18, zabaldu da matrikulazio-epea. Azaldutakoaren arabera, kanpaina Eusko Jaurlaritzak onartutako arau berrietara egokitu da eta ahalbidetuko du 2008-2013 urteetan jaiotako umeek zenbait astetan jolas eta ekintza seguruak gozatu ahal izatea.

Azkenik, udalak ezagutarazi duenez, uztailean familientzako ekintzak egongo dira Gorondagane eskolan. Hirugarren zapatuan izan ezik, hilaren zapatu guztietan aire zabaleko zinema egongo da; hirugarren zapatuan, berriz, zuzeneko musika. Edukiera mugatua izango da eta lekua ere mugatuko da.

“Ekintzek kultura arloko ordezko ekitaldiak eskaintzen hasteko aukera ematen digute. Gainera, eguraldia lagun badugu, Sondikako familiek nekez ahaztuko duten esperientzia izango dela uste dugu. Izan ere, udako gau batean familiarekin, herrian, aire zabaleko zinema gozatu ahal izatea gauza aparta da”, aipatu du Zubiaurrek. Halaber, gogora ekarri du pertsonek zein taldeek erantzukizunez jokatu behar dutela segurtasun- eta urruntze-neurriak betetzeko.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).