Sondikak osasun- eta asistentzia-langileei egin die omenaldia

Aikor aldizkaria 2020ko eka. 29a, 08:57

Herriko jaietan, Sondikako Udalak herriaren eta bere balioen alde lan egiten duten pertsonak eta taldeak omendu ohi ditu. Aurten, San Joan ospatzeko, ordezko ekintzak antolatu ditu eta horien baitan osasun-eta asistentzia-langileen lana aintzat hartu du jendaurrean. Sektore horien bien izenean, saria Sondikako osasun-zentroko eta Larrabarrena zahar-etxeko langileek hartu dute.  

Saria Txelo Ferreres osasun-zentroko arduradunak eta Ainara Solar Larrabarrenako zuzendariak hain zuzen ere hartu zuten osasun-zentroko atarian egin zen ekitaldian. Bertara Sondikako elkarteen eta gizartearen ordezkariak ere hurbildu ziren. Ekitaldiaren aurretik, minutuko isilunea egon zen pandemiaren biktimen oroimenez.

“Tragedia honetan, lehen lerroan izan zarete. Eredutzat zaituztegu, konfiantza osoz zuen eskuetan ipini gara, arratsaldeko 8etan txalotu zaituztegu egunero, ordutegia kontuan hartu barik egin duzuen esfortzua eskertu dizuegu, baina batez ere zuen ausardia miresten dugu”, esan zien talde biei Xabier Zubiar Sondikako alkateak.

Bestalde, aipatu beharra dago, ekitaldian, osasun-krisian sortutako gizarte-ekimenak ere gogora ekarri zirela, hala nola maskarak josi zituen Orratzaren kluba, boluntarioak, herriko nagusiei deiak egin zizkieten lagunak, osasun-langileak hartu zituen Sondikako Hotela, farmazia eta saltokiak.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).