Esandako aldizkarian azaldu duten moduan, Sondikako Udalak 300.000 euro bideratuko ditu herriko zein eraikin publikoetako argiak hobetzera eta haien ordez LED argiak ipintzera. Gainera, 5.000 euro ipiniko ditu zuhaitzak landatzeko eta kontzientziazio-ekintzak egiteko, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ibilgailu elektrikoak erosteko prozesuarekin bat egin du, pixkanaka ibilgailu-flota berrituz joateko.
Beste aldetik, diru-partida bat zuzenduko da Gorondagane eskolako instalazioak eta ingurua hobetzera. Hala, eskolan LED argiak ipiniko dira, jolasteko gune berriak atondu, aparkalekuak aldatu, eta seinale gehiago jarri. Patioaren estalkia dagokionez, udalak adierazi du Eusko Jaurlaritzari eman diola hura eraikitzeko lizentzia. Udal-aurrekontuetan beste inbertsio batzuk sartu dira, hala nola Goiri Erdikoa plaza berritzea, liburutegia eraberritzea eta ikasteko gela atontzea, Larrabarrenan bainu publikoa ipintzea eta eliza ondoko plaza eraberritzea.
Era berean, 75 urtetik gorakoen etxeetan ke-detektagailua ipintzeko asmoa du Sondikako Udalak, eta, bestalde, 120.000 euro gehiago bideratuko ditu lorezaintza-zerbitzua hobetzera. Kultura- eta kirol-elkarteei laguntzera 65.000 euro zuzenduko ditu, % 44 gehiago, eta Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateari egiten dion diru-ekarpena handituko du, etxeko laguntza, esku-hartze psikosoziala eta laguntza-arreta hobetzeko.
Kirol-zerbitzuei dagokienez, 100.000 euro zuzenduko dira kiroldegietan hobekuntzak egitera, eta, horrezaz gainera, kiroldegietan eta futbol-zelaian LED argiak ipiniko dira. Azkenean, herriaren historia berreskuratzen jarraitzeko ekimena sustatuko da.