Hegalariak taldeak ezin izan zuen Euskal Kopa Sondikara ekarri

Aikor aldizkaria 2022ko mai. 16a, 12:56

Asteburu honetan areto-futbol Euskal Kopako lauko finala jokatu da Gasteizen, Abetxuko kiroldegian. Hegalariak Sondikako taldeak finalerdia galdu zuen Zierbenaren kontra eta hurrengo egunean, zierbenarrek txapelketa irabazi zuten.

Aurreikuspena bete egin zen eta Hegalariak taldeak 1 eta 7 egin zuen porrot Zierbenaren kontra. Markagailuak argi eta garbi erakusten du zierbenarren nagusitasuna. “Oso talde ona da, teknikoki, taktikoki… Ez zigun eroso jokatzen utzi: baloia berehala kendu ziguten eta guri izugarri kostatu zitzaigun baloia haiei kentzea… Ez genuen maila onik eman, arerioak utzi ez zigulako”, esan du Oskar Eguskiza entrenatzaileak.

Zierbena faboritoa zen, maila altuenean dabilelako, Bigarren B Mailan, Estatuko hirugarrenean. Gainera, iaz ere irabazi zuten Euskal Kopa. Sondikako taldea aldiz, xumeena da, Euskal Ligan jokatzen duelako, arerioa baino maila bi beherago. “Talde biren arteko aldea nabarmena da eta hori partidan islatu zen. Talde erraldoi bat izan genuen aurrean. Dena dela, poz-pozik gaude lauko finalera heldu garelako. Gehiagorik ezin dugu eskatu. Harro gaude, txapelketa osoan taldeak lan txukuna egin duelako”.

Jokalariekin batera 40 zaletu inguru joan ziren autobusez Gasteiz aldera. “Euren jokabidea txalotzeko modukoa izan da: eguna gurekin pasatu zuten Abetxukon, etengabe adore eman ziguten… Beste finalerdia ere ikusi zuten eta Gernika animatu zuten. Abetxukoko jendeak zorionak eman zizkigun horregatik. Joandako bidaian izugarrizkoa giroa egon zen eta nahiz eta galdu, baita bueltako bidaian ere. Gainera, Sondikara itzuli ginenean, elkarrekin egon ginen pote batzuk hartzen herritik”.  

Beste finalerdia Gernika eta Antxo taldeek jokatu zuten eta giputzak nagusitu ziren bertan. Hurrengo egunean, finalean, 2 eta 5 irabazi zuen Zierbenak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).