Sondikako Goiri Erdiko plaza eta liburutegia erabat berritu dira

Aikor aldizkaria 2023ko mar. 23a, 12:59

Sondikako Udalak erabat eraberritu ditu Goiri Erdiko plaza eta liburutegia. Lanak azken hiru hilabeteotan egin dira eta guztira 700.000 ordaindu ditu udalak. “Herritarrei entzun diegu eta euren eskaeren arabera aldaketak egin ditugu plazan eta liburutegian”, esan du Xabier Zubiaur alkateak.

Eraberritzea bi zatitan egin da. Kanpoan, umeen jolasak mugitu dira batzokiaren atzeko aldera eta berritu dira. Estalkia ere aldatu da: oraingoa handiagoa da eta euriarengandik babestuko ditu umeak zein gurasoak. Era berean, liburutegiaren aurrean eserlekuak eta arbolak jarri dira. “Gune lasaia jarri da bertan, alboan adintsuen etxea dagoelako. Han batez ere irakurzaleek eta herriko nagusiek patxadaz egoteko aukera izango dute”, aipatu du alkateak. Guztira, lanek 570.000 euro balio izan dituzte eta horietako 44.000 euro Bizkaiko Foru Aldundiak ordaindu ditu.

Beste aldetik, liburutegia ere erabat berritu da, 220.000 euroren truke: liburuzainaren bulegoa eta liburuak gordetzeko lekua berri-berriak dira. Gainera, liburutegia zenbait esparrutan banatu da: umeentzako gunea, besaulkiak, aulkiak, irakurtzeko guneak... Laster KZGunea ere bertan jarriko da. Liburutegiaren ondoan, erakusketa-gela txukundu dute eta alboan, 32 lagunentzako ikasketa-gela jarri dute. “Herriko gazteek adierazi dute horren beharra eta erantzuna eman diegu. Ikasketa-gela egunero egongo da zabalik 8:00etatik 22:00etara bitartean eta erabiltzaileak sakelako telefonoaren bidez kudeatuko du: liburutegian eman beharko du izena eta aplikazio baten bidez atea irekitzeko aukera izango du. Zerbitzua laster jarriko da martxan”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).