Indarkeria matxistaren kontrako kontakizun laburren lehiaketa antolatu da Sondikan

a: Jessica Lewis 2024ko ira. 3a, 13:47

Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Kontakizun Laburren I. Lehiaketa antolatu du Sondikako Udalak. Gaiak indarkeria matxistaren aurkako borrokari lotuta egon beharko du, edo emakumeek edozein eremutan –fisikoa, psikologikoa, ekonomikoa, soziala, lanekoa…– jasaten dituzten diskriminazio-egoerei. Lanak aurkezteko azken eguna urriaren 31 izango da.

Guztira hiru kategoria egongo dira. Lehenengo kategoria da Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. Mailara bitarteko umeentzat. Parte-hartzaileek 250 hitzetik 300 hitzera bitarteko kontakizuna idatzi beharko dute, euskaraz, eta bi sari emango dira: diploma eta 40 euroko txartela, irabazlearentzat, eta diploma eta 20 euroko txartela, bigarrenarentzat. Bigarren kategoria, bestalde, 13 urtetik 16 urtera bitarteko gazteentzat da, eta horiek 350-400 hitzeko testua idatzi beharko dute, euskaraz edo gaztelaniaz. Kasu honetan ere bi sari izango dira: diploma eta 60 euroko txartela, irabazlearentzat, eta diploma eta 40 euroko txartela, bigarrenarentzat. Azkenik, hirugarren kategoria 16 urtetik gorakoentzat da. Kontakizunak euskaraz edo gaztelaniaz izan ahalko dira, eta 500-550 hitz idatzi beharko dira. Gainerako kategorietan bezala, bi sari banatuko dira: diploma eta 75 euroko txartela irabazlearentzat, eta diploma eta 60 euroko txartela, bigarrenarentzat.

Esan moduan, lanak urriaren 31ra arte aurkeztu ahalko dira udaletxean bertan edo berdintasuna@txorierri.eus helbide elektronikora bidalita. Txapelketaren oinarriak hemen kontsultatu daitezke.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).