Ertzaintzaren arabera, atxilotuek urrezko katea indarkeria erabilita lapurtu zioten adineko gizon bati, abenduaren 1ean, Galdakaoko Bekea auzoko baseliza baten inguruan. Gizona paseatzen zebilela, “bi akusatuek indarkeriaz jardun zuten gizonaren aurka, eta, urrezko katea kentzeko, lepotik indarrez heldu eta lurrera bota zuten. Jarraian, ihes egin zuten Usansolorako norabidean”. Erasoaren ondorioz, biktima lurrera erori zen, “eta ezkerreko ukondoa mailatu, eta betaurreko graduatuak apurtu zizkion”.
Biktimak emandako laguntzari esker eta Ertzaintzak egindako ikerketaren ondorioz, lapurretaren ustezko bi egileak atxilotu zituzten domekan, Sondikan. Bestalde, Ertzaintzak esandakoaren arabera, ikerketaren ondorioz, lapurreta hori egin baino lehen beste hiru delitu egiteagatik ere zabaldu dituzte euren kontrako eginbideak. “02:30ak aldera, bi atxilotuek indarrez tira eginda eta indarkeria erabiliz lapurreta egin zuten Erandioko Astrabudua auzoko diskoteka batean. Handik lau ordura, Barakaldoko Foruen Pasealekuko metro-geltokian identifikatu zituzten emakume bati eraso egiteagatik, eta 10:30ak aldera gizon bati jarraitu zioten Galdakaoko Zuazo auzoan lapurreta egiteko”. Ertzaintzaren esanetan, atxilotuek aurrekari polizialak dituzte eta indarkeria erabilita lapurretan ibili ohi dira.