Prentsa-ohar batean azaldu dutenez, ikuskizunak musika eta poesia uztartuko ditu, emakumeei omenaldi hunkigarria egiteko. Horretarako, abestiekin batera errezitatuko dituzte hainbat emakume idazlek egindako bertsoak eta poemak. Idazleen artean daude Panina, Elvira Sastre, Arantza Aldalur, Ximena Ianantuoni, Suheir Hammad eta Kalkutako Ama Teresa, eta euren poemak emakumeek errezitatuko dituzte.
Txuma Olague abesbatzak hasiera emango dio ikuskizunari, eta Javier Mejutoren zuzendaritzapean bi abesti interpretatuko dituzte: Maitia nun zira eta Eres tú. Ondoren, kontzertu nagusia hasiko da, bi zatitan banatuko dena. Lehenengo eta behin, Karl Jenkins konpositore garaikidea eta bere lana aurkeztuko dira, eta ondoren, Rossini abesbatzak Stabat Mater obraren hainbat pieza interpretatuko ditu; pieza bakoitzak emakumeekin lotutako gaiei buruzko aipamena egiten du. “Ius Perezen zuzendaritzapean, Piccolo String Camerata orkestrarekin eta Celia Baños piano-jotzailearen laguntzarekin, ikuskizun honek esperientzia paregabea eskainiko du. Narratzailea Anabel Hernández izango da”, adierazi dute. Sondikako Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu ekitaldira hurbiltzera, “emakumearen aitortza kultural honekin bat eginez”.