Pintxo begetarianoak eta trikitia, Sondikako errezeta zapaturako

Aikor aldizkaria 2025ko mai. 7a, 10:49

Zapatuan, maiatzak 10, Sondika Pintxotan 2025 lehiaketaren hirugarren jardunaldia egingo da, eta protagonista mokadu begetarianoak izango dira. Pintxoak 19:00etatik 22:30era dastatu ahalko dira hurrengo taberna hauetan: Miren & Juantxu, Amets, Café Tindaya, Gaztañaga Berria eta Batzokia. Gainera, Etxebarria aita-seme trikitilariek girotuko dute ekintza.

Pintxoak bi euroan egongo dira salgai, eta pintxo gogokoenaren alde bozkatu ahalko da. Bozketan parte hartzen dutenen artean sari berezia zozkatuko da ekainean: bi lagunentzako bazkaria edo afaria herriko jatetxe batean eta Sondikako edozein dendatan erabiltzeko 30 euroko txartela. Txapelketaren azken hitzordua ekainaren 14an izango da. Ondoren txapelketan zehar emandako bozak zenbatu, eta aukeratuko da aurtengo txapelduna. Sondikako Udalak adierazi moduan, txapelketaren helburua da tokiko ostalaritzaren sormenari balioa ematea eta herritarrentzako aisialdirako eskaintza aberastu.