Auzoetatik herrigunera 3 euroren truke: Auzotaxi martxan jarri nahi du Sondikak

Aikor aldizkaria 2025ko uzt. 10a, 12:30

Astelehenetik domekara 7:30-20:00 bitartean eskainiko da zerbitzua, eta 16 ibilbideko bono sortetan salduko dira bidaiak, hori jasotzen du Udalak argitaratu duen arauaren aurreproiektuak; dena den, uztailaren 21era arte aldaketa proposa ditzakete sondikoztarrek.

Auzoak eta herrigunea lotu nahi ditu Sondikako Udalak urtea amaitu baino lehen, horregatik 2024ko aurrekontuek aurreikusten zuten Auzotaxi zerbitzua arautuko duen aurreproiektua argitaratu du. Honek erabileraren baldintzak finkatzen ditu: ordutegiak, tarifak edota eremuak. Halere, behin behinekoak dira sondikoztarrek aldaketak proposatzeko aukera izango baitute uztailaren 21era arte, edozein araurekin egiten den bezala.

Udal-ordenantzak adierazten du bidai bakoitzak 12 euro balio duela, baina horietatik 9 Udalak ordainduko dituela, hau da, erabiltzaileek 3 euro ordainduko dituzte. Gainera 16 eta 25 urteren arteko ikasleen kasuan merkeagoa izango da, eta 2 euro baino ez dituzte ordainduko.

16 ibilbideko bonu sortetan salduko dira udaletxean, 48 euroren truke, 32 euro ikasleentzat; beraz, ez dira bidai solterik salduko. Urtean gehienez 10 bonu eska daitezke, eta gazteek 9, guztira 160 eta 144 bidai, hurrenez hurren.

Iraungipena

Abenduaren 31ra arte izango dira baliagarriak, baina guztiak erabiltzen ez badira, hurrengoko bonuekin trukatu ahal izango dira erabili gabe gelditutako horiek, baina ez da dirurik itzuliko.

Bidaiak erosteko Auzotaxi txartela eskatu beharko da udal-bulegoetan edo egoitza elektronikoaren bidez, pertsonala da, beraz bakoitzak berea izan behar du, ezin delako partekatu. Eskabide-orriarekin batera aurkeztu behar dira telefono zenbaki bat, nortasun-agiriaren fotokopia eta bere neurriko argazki bat; gainera euro bat ordaindu behar da.

Ordutegiak

Urteko hilabete guztietan, abuztua barne, eskainiko da zerbitzua; astelehenetik domekara 7:30etatik 20:00etara. Baina denboraz antolatu behar da bidaia, aurreko eguneko 20:00ak baino lehen erreserbatu beharko baita. Larrialdietan 30 minutu arinago erreserbatu ahalko da.

Txartelan telefono zenbaki bat agertuko da, eta horri deituz edo Whatsappez mezu bat bidaliz lotu daiteke bidaia FEMADE elkarteko taxilariekin. Behin taxian sartuta, taxilariak txartela eskatuko dio erabiltzaileari eta ibilbidea Auzotaxi zerbitzuan aurreikusitako eremuaren barnean dagoela egiaztatuko du. Amaitzean, erabiltzaileak bonu bat emango dio taxilariari.

Eremuei dagokienez, herrigune eta beste 9 zonalde ezartzen ditu zerbitzua arautuko duen aurreproiektuak: San Roke, Pike, Aixerrota, Berriz-Bagatza, Goietxa, Sangroniz, Aresti-Izartza-Bereza, Asua-Landa eta Berreteaga kalea.