Sondikako udala Eskola Bideak proiektuaren bideragarritasuna aztertzen ari da

Aikor aldizkaria 2025ko ira. 12a, 14:13

Eskola Bideak proiektua haurren autonomia garatzeko Sondikako Udalaren egitasmoa da. Honen bidez, ikasleak ikastetxera bide seguruetatik, haien kabuz eta oinez joatea sustatu nahi da. Uda aurretik, Udala Gorondaganeko guraso, irakasle eta ikasleekin hasi zen lanean, haurren mugikortasun eta autonomiaren diagnostikoa egiteko. Inkesta eta elkarrizketen bidez, eskolako LH4 eta LH5eko 53 ikasleen eta haien gurasoen ohitura eta ikuspuntuak jaso zituen Udalak, eta bertan eskolara bakarrik joateko interesa, segurtasuna eta bizi diren zonaldeei buruz galdetu zitzaien.

Udalak dio ez duela soilik Sondikako eskola publikoko ikasle eta gurasoekin lanik egin, baizik eta beste ikastetxe batzuetako haur eta familia sondikarrekin ere, Lauro, Askartza, Bizkaia zein beste ikastetxe batzuetakoekin, alegia. Udalak dio lehen faseko txostenak “laster” izango direla prest, eta hurrengo urratsak eman aurretik, argitaratu egingo dituela.