Adrian Uriarte sondikoztarra ohorezko mailara, eta Ormaetxe-Bilbao, ohorezko mailako txapeldun

Aikor aldizkaria 2025eko azaroaren 24a

Bi aste gozo izan dira Lezamako Pelota klubarentzat. Pasa den azaroaren 16an, Adrian Uriarte sondikoztarra nagusien ohorezko mailara igotzea lortu zuen, Aritz Ziarsolorekin batera. Uriarte Lezamako Pelota Klubeko kidea da, baina Mungiakoan dago aurten utzita. Haren bikotekidearekin batera, kategoriaz igotzea lortu zuten Galdakaoko bikoteari 22-5 gailendu ondoren promozioan.

Bestalde, asteburu honetan, Lezamako klubeko Oier Ormaetxe eta Edorta Bilbao ohorezko mailako txapelketa irabazi dute, Munitibarreko bikoteari gailendu ondoren. Bi bikote hauen arteko bigarren finala izan zen jarraian, eta oraingoan lezamarrek irabazi zuten.
Aste gogorrak ditu aurretik Lezamako klubak, izan ere, datozen asteetan taldeko hainbat bikotek Euskal Liga zein Espainiako Txapelketan parte hartuko dute.