Sondikako Inauteriak: Bilakaera etengabean

Mikel Reina Barros 2026ko otsailaren 18a

(Sondikako Inauteriak)

Inauteriak modu berezian ospatzen dituzte Sondikan. Barikuan eta zapatuan, otsailak 20 eta 21, ospatuko dituzte, eta dagoeneko azken ukituekin daude. Bete-beteko egitaraua prestatu dute inauteriak behar bezala ospatzeko.

Jone Karkamok esperientzia dauka alde horretatik, 20 urte betetzen ditu aurten elkartean. 18 urterekin hasi zen, eta herriko beste kuadrilla askoko sondikoztarrek bezala, erreleboa ematen jarraitu izan dute, urtero inauteriak antolatzen. Gaur egun 30 lagun baino gehiago daude antolakuntzan eta lan taldeetan banatuta egiten dute lan, “bestela ezinezkoa litzateke jaiak aurrera eramatea”.

Karkamok aitortu du Sondikako Inauteriak asko aldatu direla, “gizartea aldatu den heinean”. Lehen urteetan eguen eta barikuetan antolatzen zituzten Rock eta Heavy kontzertuak ekarri ditu gogora. Hasiera batean, Batzoki aurreko aparkalekuan hasi zituzten. Gero, tren geltoki azpiko aparkalekura lekualdatu ziren. Azken urteetan Iturrikosolo kaleko bidegurutzean kokatzen dituzte bi karpa. Txiki geratu zaizkie orain arteko espazio guztiak. Egitarauan ere aldaketak eman direla nabarmendu du antolatzaileak. “Lehen, batez ere gauean oinarritzen ziren ekintzak eta jaiak, orain egun osoko inauterietan bilakatu dira, bai barikuan, baita zapatuan ere”.

Programazio zabala dute esku artean eta hori guztia antolatzeko irailean hasten dira elkarteko kideak eguenero bilerak egiten. Lehen helburua argi dute: kontzertuak erabaki. “Gure aurrekontuaren barruan, ahalik eta kontzerturik erakargarrienak ekartzen saiatzen gara, batez ere barikurako. Zapatuan badakigu beti etortzen dela jende asko, gehiegi eta guzti batzuetan”.

Egitarau askotan bezala, lege bat daukate: ondo funtzionatzen duena, hobe ez ukitu.  Karkamok gogoratu du Sondikako eskolako guraso elkarteak hasi zirela 1980a baino lehen inauteriak antolatzen. Horregatik, eskolatik abiatzen den bariku arratsaldeko kalejirari garrantzia ematen diote, Sardinak eta buruhandiek parte hartzen dute bertan. Iaz bezala, aurten ere, eskolako umeek aukeratu dute inauterietako gaia: marrazki bizidunak. “Eskolatik bi gai proposatu ziren eta elkartetik beste bi. Gero, bozketa egin da gaia hautatzeko. Horrenbestez, txosnak marrazki bizidunen inguruan apainduko ditugu”. Hain zuzen ere, helburu dute adin eta gustu guztientzako ekimenak antolatzea.

Bilgune nagusietako bat, duela hiru urte lehen aldiz antolatu zutenetik, herri bazkaria da. Hasieran “ezjakintasun apur batekin” hasi bazuten ere, gaur egun 300 lagun inguru elkartzen dira. 

(Sondikako inauteriak)

 

konponbide bila
Iaz, Sondikako inauteriak albiste izan ziren, baina antolatzaileek nahi izan ez zuten aldetik. Barikuan lau eraso matxista salatu ziren eta zapatuan labainkadak eta borrokak izan ziren herriko kaleetan. Sondikako Inauterien elkartetik eta udaletik elkarretaratzea eta adierazpen ofiziala osatu zituzten erasoak gaitzesteko.

Horregatik, elkartetik konponbidea bilatzen dabiltza, “erabateko konponbidea aurkitzea erraza ez bada ere”. Esate baterako, mahai gainean jarri duten proposamenetako bat izan da zapatuan ere trenak bere ohiko ordutegia izatea, baina Euskotrenek ordutegi berezia jartzen jarraituko du. “Orain arte trenak ordutegi berezia izan du zapatuetan, ordu erdiro izan dira joan-etorriak, eta horrek aukera ematen die batzuei Sondikara etorri erasoak osatu eta alde egin ahal izateko”, uste dute. Udaletxearekin ere bilerak osatu dituzte “denontzako jai seguruak” antolatzeko helburuarekin. Aurten ere Puntu Morea jarriko dute txosnagunean.

Beste ideietako bat izan da zapatuko DJa kentzea eta musika ere lehenago kentzea, “gaueko ordu txikietan ematen direlako batez ere erasoak”. Azken urteetan bai nabaritu dute gero eta gazte gehiago datozela Sondikako Inauterietara, ez bakarrik Txorierritik, inguruko beste herri askotatik ere. “Hainbeste jenderekin zaila da guztia kontrolatzea, pertsona gutxi batzuk nahikoak dira jarrera desegokiak izateko”. Gainera, jai giroa bera ere aldatu egin dela diote. “Lehen ere bazegoen ‘litroak’ egiten zituzten gazteak, baina txosnagunetik kanpo kokatzen ziren, inguruko plaza eta kaleetan. Gaur egun txosna alboan dituzu eta askotan lanean gaudenoi traba eta guzti egiten digute”.

Ez dute iazko “zapore gazi-gozoarekin” berriro geratu nahi. “Hilabete askotako lan ikaragarria dago Sondikako Inauterien atzetik, eta azkenean ez dugu gustuko zapore horrekin geratzea, askoz gehiago dagoelako onetik txarretik baino”.

EGITARAUA

20, barikua

10:00 Eskolako umeen kalejira

17:00: Txupinazoa

17:30 Kalejira eskolatik Txosna gunera. Sardina, Sorgina eta Buru handiekin

18:00 Xaibor diskofesta umeentzat

19:30 Txanpi-potea txosnetan

20:00 Taberna Ibiltaria

23:00 Zopilotes Txirriaos kontzertua

01:00 Bidean Erromeria

03:30 DJ Paulinger

21, zapatua

11:00 Umeen parkea

12:00 Xigorki lehiaketa

12:00 Kalejira “Elaia” txistu taldearekin

12:30 JunDaJo Txaranga

13:00 Trikipoteoa 'Talaurden' auzokoa herrikoi taldearekin

13:00 Dantzapoteoa “Gorantzaileak” dantza taldearekin

14:30 Herri bazkaria

16:00 Bingo musikatua eta “gazta porra”

16:00 Umeentzako ikuskizuna 'Perli eta Koxkolo'

18:00 Umeen mozorro desfilea

18:00 Kafeak Nagusien Etxean

18:00 Musika eta dantza Nagusien Etxean

18:30 JunDaJo Txaranga

19:00 Umeen mozorro sari banaketa

19:30 Txokolatada

20:30 Kalejira Lekittoko Deabruekin

21:30 Sardinaren hileta

21:45 Nagusien mozorro, karroza, animazio, xigorki eta erakusleiho sari banaketa

22:15 Pueblo 54 taldearen kontzertua

00:00 Oinutsik Erromeria