Sondikako Udalak “garai berrietara moldatutako irudi berria” aurkeztu du

Mikel Reina Barros 2026ko martxoaren 4a

Joan den barikuan, otsailak 27, Kultur Etxean egindako ekitaldian aurkeztu zuen Sondikako Udalak bere irudi berria. Besteak beste, Danel Arteaga musikariak, Ane Uruburu dantzariak eta beste hamarretik gora herrikidek parte hartu zuten.

Irudi berria, Asua ibaiaren eta ‘S’ letraren formetatik jaio da, udalaren kolore urdina mantentzen du eta Sondikaren muina diren balioak ditu ardatz: “Komunitatea, oreka eta hurbiltasuna”. Irudi berriak komunikazio bisuala “eguneratu, ordenatu eta bateratzeko” helburua dauka: “Gaur egungo kanal eta euskarri digital zein fisikoetara egokituta eta, udalak adierazi legez, ez du armarri ofiziala ordezkatuko ezta moldatuko ere”. Irudi berri honekin, udal-komunikazioaren “irakurgarritasuna hobetzen” dela diote eta euskarri guztietan “koherentzia bisuala” bermatzen dela.

Naia Landa alkateak uste du "marka grafiko moderno baten beharra” zuela Sondikak: “Garai berrietara moldatuko zena eta Sondikaren izaera eta balioak irudikatuko zituena. Irudi berri honekin lortu dugula uste dugu. Eta Sondikaren muina sondikoztarrak direnez, Kultur Etxean, herriko jendearekin inguratuta gura izan dugu aurkeztu. Beraiena da irudi berri hau”. 

Herritarrak erdigunean 

Marka berriaren aurkezpen ofiziala sondikoztarrak omentzeko ekitaldi batean bihurtu zuen udalak. Ordubete inguruko aurkezpenean herriko pertsona nagusi, heldu, gazte eta txikiak izan ziren protagonistak. Lander Otaola aktoreak egin zituen aurkezle lanak eta, zuzenean, oholtza gainean, elkarrizketatu egin zituen Sondikan hainbat belaunaldi daramatzaten familietako kideak, herriko talde eta elkarteetan parte hartzen duten gazteak eta Sondika bizitoki aukeratu duten lagun heldu berriak. Musika eta dantza emanaldi bana ere izan zuen ekitaldiak, Danel Arteaga eta Ane Uruburu sondikoztarren eskuetatik, hurrenez hurren.