Gaztañaga Berria, Sondika Pintxotan Lehiaketako haragi pintxo onenaren irabazlea

Mikel Reina Barros 2026ko apirilaren 9a

VII. Sondika Pintxotan lehiaketaren lehen hitzordua martxoaren 14an izan zen, eta “erabat arrakastatsua” izan zela nabarmendu dute antolatzaileek, “partehartze handiarekin eta giro bikainarekin”.

Gaztañaga Berria izan zen haragizko pintxorik onenaren saria eskuratu zuena. 37 puntu lortu zituen Gaztañaga Berriak, Amets tabernak 23.75, Miren eta Juantxu tabernak 21.17 eta Sondikako Batzokiak 19.56 puntu.

Hurrengo jardunaldia apirilaren 18an izango da eta arrain-pintxoak izango dira protagonista. 19:30etik 22:30era izango da, eta pintxoak 2 euroan erosi ahalko dira. Gainera, Flau & CIA musika taldearen animazioak girotuko du arratsalde-gaua. Betiko lez, bozketan parte hartzen duten pintxozaleek sarien zozketan parte hartzeko aukera izango dute: alde batetik, bi lagunentzako bazkaria edo afaria Izarza Jatetxean eta, bestetik, Sondikako dendatan erabiltzeko 30 euroko erosketatxartela. Parte hartzeko, lau dastaketa (lau zigilu) egin behar dira.