Txorierriko herri gehienetan gazte taldeak daude, Loiuko Bakarrak, Inisitue Zamudion edota Gazte Asanblada Lezaman. Sondikan, berriz, ez Gazte Egunik, ez Kintadarik, ez Kuadrilla Egunik. Biztanle aldetik bigarren herririk handiena izanik, ez da egon gazteak elkar-tzen dituen talderik. Orain arte. “Sondikako mota guztietako gazteak batu eta elkartzea helburu duen taldea gara, guztion arteko talde lana sustatzen duena”.
2025eko ekainean hasi zen guztia. Sondikako Udalak Gazte Kontseilua izeneko proiektua jarri nahi izan zuen martxan, eta horretarako hainbat gaztek lehen deialdian parte hartu zuten. Aitzakia horrekin bestelako bilerak antolatu zituzten herriko kuadrilla desberdineko gazteek. Hor eman zuten lehen pausoa. “Udalaren eskutik elkartu ginen, eta eskertuta gaude, baina hortik aurrera gure aldetik egin ditugu gainontzekoa, betiere udalarekin koordinatuta”.
Zerbaiten falta sentitu dute: gazteentzako espazioa eta eskaintza. “Barikuetan bai elkartu zaitezkeela tabernaren baten, baina zapatuetan, adibidez, aisialdi bila bestelako tokietara jo behar dugu”. Beharrizana nabaritu dute herriko kuadrillek. “Denok elkar ezagutzen gara, herri txikia da Sondika, baina bai egia da orain arte ez garela inoiz elkartu eta gure nahiak mahai gainean jarri”.

Kezka handiak dituzte gaur egungo gazteek, handienetako bat, esate baterako, etxebizitzarena da. Baina kezka handi horiez gain, egunerokotasunekoei ere erreparatu behar zaiela uste dute. “Hutsune bat zegoela nabaritu genuen, eta bete beharra zegoen”.
WhatsApp talde orokor bat dute eta barruan arlo desberdinetako bestelako multzoak sortu dituzte: besteak beste, komunikazioa, koordinazioa edota logistika. Guztira 30 lagun inguruk parte hartzen dute modu aktiboan. Horrez gain, hilean behin elkartzen saiatzen dira. “Azkenean bakoitzak gure kontuak ditugu, eta bakoitzak ahal duena eskaintzen du bere esperientzia eta ilusiotik hasita”. Nabarmendu dute Aztarna zabalik dagoela herriko edozein gazterentzako, ez dela inondik inora talde itxi bat.
“Hutsune bat zegoela nabaritu genuen, eta bete beharra zegoen”
Hain zuzen ere, taldearen izaera “zabala eta parte hartzailea” nabarmendu dute. “Kuadrilla askotako gazteak gaude eta toki askotatik heltzen zaizkigu proposamenak. Horrela, beharrizanak identifikatzen ditugu eta asetzen saiatu”. Horrela antolatu dituzte mus eta frontenis txapelketak erantzun “ezin hobearekin”: 24 eta 22 bikotek eman dute izena, hurrenez hurren.
Ezagutara emateko, antolatu zuten lehen ekimena otsailaren 28ko pintxopote musikatua izan zen. “Zerbait esanguratsua nahi genuen, herrian arreta deitzen zuena, eta zer hobeto janariaren, edariaren eta musikaren inguruan baino. Gainera, gazteak bakarrik ez, adin guztietako herritarrak elkartzen dituen ekintza da”. Lehen ekintza izaterakoan zerotik hasi behar izan zuten: udalean baimenak eskatu, tabernekin negoziatu, musika taldea bilatu… “Lan asko egin behar izan genuen, baina pozik gaude esfortzuak emaitza oso ona izan duelako”.
Erantzuna “bikaina” izan zela azpimarratu dute, “pentsatzen genuena baino jende askoz gehiago elkartu zen eta giro oso ona sortu zen”. Oro har, erantzuna “oso positiboa” izan da alde guztietatik: tabernariak, gazteak eta nagusiak.
Motibazio eta ilusio iturri bat izan zen lehen ekintza hura. Gero, mus eta frontenis txapelketak etorri dira. Eta gehiago etorriko dira. “Urteko egitarau edo plangintza bat antolatu dugu, hilabete bakoitzean ekimen bat antola- tzea de gure ideia, mota, adin eta gustu guztientzako”. Alde horretatik, mendi martxa osatu zuten apirilaren 26an eta herri krosa maiatzaren 31n antolatuko dute. Diotenez, asko eskertzen dute herritarren interakzioa, proposamenak egiterakoan, adibidez, pala txapelketa bat antolatzea proposatu diete. “Eskaera handia daukagu, bai gure barnean, bai kanpotik ere, kalean ideia asko jaurti- tzen dizkigutelako”.
Izan ere, beharrizana eta eskaera ba-tzen direnean arrakasta ziurtatuta egon ohi da. Hala ere, hankak lurrean dituzte, badakite oraindik bidea dutela egiteko. “Zerbait antolatzen dugunean ez dakigu 10 pertsonek eta 50 pertsonek parte hartuko duten, beraz, ezjakintasun horretan bizi gara”.
