Sondikako Udalak Auzotaxi zerbitzua jarri du martxan, “auzoetako herritarren mugikortasuna errazteko eta herrigunearekiko lotura hobetzeko helburuarekin”. Diruz lagundutako taxi zerbitzu berri honen bidez, udalak “lurralde-oreka, irisgarritasuna eta mugikortasun jasangarria sustatu nahi ditu, bereziki adinekoentzat, familientzat eta mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat”. Zerbitzua urte osoan zehar egongo da erabilgarri, abuztua barne, astelehenetik domekara, 07:30etik 20:00etara.
Naia Landa Sondikako alkateak azpimarratu duenez, “Auzotaxi zerbitzuarekin pauso berri bat ematen dugu Sondika irisgarriago eta konektatuago baten alde. Zerbitzu honek auzoetako herritarren egunerokoa erraztuko du, mugikortasun aukera eroso, jasangarri eta eskuragarri bat eskainiz”.
Auzotaxia erabili ahal izateko Sondikan erroldatuta egon beharko da pertsona eta eguneroko bizilekua hurrengo zonaldetan izan beharko du: Artxanda, Sangroniz, Asua-Landa, Berreteaga Bidea eta Aresti-Izartza-Bereza (Aresti kaleko atari bikoitiak: 44A-68 eta atari bakoitiak: 37-61; Izartza kaleko atari bikoitiak: 42-50 eta atari bakoitiak: 25-41).
Aipatutako zonaldeetan bizi ez diren pertsonek ere erabili ahalko dute zerbitzua, salbuespen egoera behar bezala justifikatuz gero. Horrela, %33 edo hortik gorako desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonek Foru Aldundiaren balorazioa aurkeztu beharko dute. Eta aldi baterako mugikortasun urriko egoeran dauden pertsonek mediku-txostena entregatu beharko dute. Aldi baterako egoerak sei hilabetean behin konprobatuko ditu udalak.
Txartela eta bonuak
Taxia eskatu aurretik, erabiltzaileek Auzotaxi txartela atera beharko dute, udaletxean edo egoitza elektronikoaren bidez. Horretarako, eskabide-orria, NANaren fotokopia, txartel motako argazkia eta harremanetarako datuak aurkeztu beharko dituzte: etxeko helbidea eta telefono zenbakia. Halaber, 16 eta 18 urte bitarteko gazteek gurasoen edo tutoreen baimena aurkeztu beharko dute. Erabiltzaile denek euro bat ordaindu beharko dute.
Behin txartela lortuta, bonuak erosi beharko dira. 16 bonuko sortak salduko dituzte: tarifa orokorrekoak 48 euroan (3 euro bidaia bakoitzeko) eta 16-25 urte bitarteko ikasleentzat 32 euroan (2 euro bidaia bakoitzeko). Bidaia bakoitzaren benetako kostua 12 eurokoa da eta diferentzia Udalak berak ordainduko dio FEMADE elkarteari.
Erabiltzaile bakoitzak ezingo du bonu-sorta bat baino gehiago izan aldi berean eta, gutxienez, hilabete pasatu beharko da bonu-sorta baten eta hurrengoaren erosketaren artean. Urtean, gehienez, 10 sorta erosi ahalko ditu erabiltzaile bakoitzak (160 bidaia). 16-25 urte bitarteko ikasleek, berriz, gehienez, 144 bidaia egin ahalko dituzte urtean. Era berean, bonuak urtean urteko abenduaren 31ra arte izango dira baliodunak; eta erabiltzen ez direnak hurrengo urteko bonuengatik trukatuko dira. Ez da dirua itzuliko.
Erosoa eta erabilerraza
Auzotaxi zerbitzua erabiltzeko, aurreko eguneko 20:00ak baino lehen eskatu beharko da, telefonoz edo WhatsApp bidez, 94 480 09 09 telefono zenbakian. Larrialdi egoeretan, 30 minutuko aurrerapenarekin ere eskatu ahalko da zerbitzua. Taxia heltzean, gidariari txartela erakutsi eta bonua eman besterik ez da egin beharko.
Hainbat pertsona joan ahalko dira taxi berean, baina bakoitzak bere bonua erabili beharko du. Erabiltzaile bakoitzak txartel propioa izan beharko du ere (etxe berean bizi arren), nahiz eta bonu- sorta partekatu ahal izango den. Desgaitasuna duten edo mendekotasun-egoeran dauden pertsonen laguntzaileek salbuespena izango dute: egoera behar bezala justifikatuta, pertsona horiek ez dute ez txartelik ez bonurik eraman beharko. Horrez, gain, azpimarratu behar da joan- etorriko bidaiak bi bidaia bezala hartuko direla, ez bidaia bakarra lez.