Hasi da 2026-2027 eskola ikasturtea eta, horri begira, Sondikako Udalak zenbait lan egin ditu Gorondagane eskolan, “azpiegiturak hobetzen jarraitzeko eta hezkuntza komunitatearen beharrei erantzuteko”. Lanek hiru ardatz nagusi izan dituzte: egungo azpiegiturak berritzea, irisgarritasunean aurrera egitea eta ikasleentzako guneak anitzagoak eta seguruagoak bihurtzea.
Naia Landa alkateak azpimarratu duenez, “Gorondagane gure eskola publikoa da eta bertako instalazioak hezkuntza komunitatearen beharretara egokitzen jarraitzea da gure konpromisoa. Ikasleek eta irakasleek kalitatezko espazio irisgarriak eta seguruak izatea nahi dugu, eskolako eguneroko ongizatea bermatzen jarraitzeko”.
Irisgarritasun eta hobekuntza lanak
Haur Hezkuntzako eraikinaren kanpoaldeko harresia aldatu dute (5.132,08 euro) eta hainbat horma garbitu, hezetasuna kendu eta margotu ditu (4.325,75 euro). Gainera, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako eraikinak lotzen dituen aldapa berritu (39.134,79 euro) eta lorezaintza lanak ere egin ditu (524,16 euro). Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Haur Hezkuntzako eraikinean zeuden arrakalak konpondu ditu, inbertsioa bere gain hartuta (253.589,69 euro).